Irungo Areto Moldakorra aurkeztu dute
Ficoba inguruko erabilera anitzeko pabiloiaren proiektuari izena eta ikurra jarri diote gaur. Kirol, kultura eta musika ekitaldi nagusien egoitza izango da.
Udal gobernuak apirilean egitasmoa aurkeztu zuenetik, erabilera askoko pabiloi gisa ezagutu denaren izena eta ikur-marka aurkeztu dituzte gaur, prentsaurreko bidez. Bertan egon dira Miguel Angel Paez jarduneko alkatea eta Borja Olazabal kirol ordezkaria. Irungo Soom Studio komunikazio estudioak egin duen diseinua izango du Irungo Areto Moldakorrak (IAM). Egitasmo honekin udalak duen asmoa, prentsaurrekoan adierazi moduan, herritarrei erabilera anitzak izango dituen azpiegitura eskaintzea da.
IAM, aurrerantzean, Bidasoa-Irunen etxeko partiden egoitza berria izango da, eta kultura- zein musika-hitzordu nagusienak hartuko ditu ere. Paezen arabera, “horrelako proiektu handietan hain beharrezkoa den erakunde arteko lankidetza” bere emaitzak eman ditu, eta Irun eremu horretan “leku onenean dagoela” gaineratu du. Azterketa teknikoekin bat, azpimarratu du Ficoba ingurua dela horrelako proiektu bat gauzatzeko inguru onena.
Soom Studioko Jon Sampedro ere egon da prentsaurrekoan. Hark markak “bide luzea” duela egiteko adierazi du, baita “malgua” edota “garbia” ere, Irungo azpiegitura kanpora proiektatzen duena.
Aurrera doan proiektua
Egitasmoa HAPOan txertatzeko aldaketak egin dira honezkero eta proiektua 2024ko aurrekontuan sartzeko 200.000 euroko diru partida onartu da. Hortaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak 14 milioi euro bideratuko dituela iragarri zuen azaroan. Horietatik 50.000 euro helduko dira datorren urtean.
Instalazioek 10.000 lagun jasotzeko edukiera izango dute, baita 5.000 eserleku arteko estalpeko kirol partidak hartzeko gaitasuna ere. Bestela, 700 ibilgailu inguruko lur azpiko aparkalekua egingo dute.