Euskararen Egunean "gurea den hori" ospatzera deitu du EAJk
Eskualde mailako ekitaldia egingo dute Irungo Batzokian igandean. Bertan, besteak beste, adimen artifizialeko Gaitu proiektua aurkeztuko diete herritarrei.
EAJren Bidasoko Euskara taldeak Euskararen Eguna ospatuko du Irunen igandean. Ekitaldi bat egingo dute Irungo Batzokian, 13:00etan. Bertan, besteak beste, Gaitu proiektua aurkeztuko dutela aurreratu dute, eta herritarrak proiektuari “ahotsa ematera” animatu dituzte bidasoarrak.
Gaitu proiektuak, jeltzaleen arabera, “teknologia berriei euskara irakasteko milaka ahots erakartzea” du helburu. “Euskarazko aisialdi eta ahotsekin datu base handi bat sortuz gero, adimen artifizialak euskaraz ere komunikatzeko aukera izango du. Kulturaren, komunikazioaren eta gizartearen garapenaren bektore handi bat bihurtzen ari da adimen artifiziala, eta erronka berri bat atzeman zaio gure komunitateari”, esan dute.
Igandea ospatzeko eguna izango dela erantsi dute, “gurea den hori elkarrekin” ospatzekoa: “Elkarrekin ospa dezagun gurea den hori; hitz egin, ikusi, abestu, edan, usaindu eta gozatu. Igande honetan, gaztaina erreak erosi eta Batzokira etorri… giro paregabea izango dugu bertan”.