[Erreportajea] Elkar besarkatuko dute bihar euskarak eta hondarribiarrek
Euskararen Eguna ospatzeko egitarau oparoa ondu du biharko Blagan elkarteak, egun osokoa. Jolasak, bertsoak, bazkaria, kontzertuak... «Herriari eta euskarari bizia» emango diote bihar hondarribiarrek.
Aurten ere behar bezala ospatuko dute Euskararen Eguna hondarribiarrek, egun osoko egitarau oparoa prestatu baitute biharko. Orain arte ezaguna izan den Blagan Eguna ordezkatuko du biharkoak, aurtengo «festa potoltzeko» erabakia hartu baitute elkartekoek. «Herriari eta euskarari bizia emango diogu bihar. Hondarribiarrek ikus dezatela euskarak indarra duela herrian, hor gaudela. Euskararen festa handia izango da», azaldu du Blaganeko kide Roxa Arozenak.
Haur, gazte eta heldu. Denek zerekin gozatu izango dute bihar. «Goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko dugu festa. Jolasteko, jateko eta dantzatzeko aukera izango da. Zer gehiago behar dugu? Egun biribila izango da!», erantsi du. Bide batez, oraindik bazkariko txartelak eskuratu ez dituztenak horiek hartzera deitu ditu herritarrak, oso gutxi geratzen direla jakinarazi baitu.
Aldarrikapen kutsua ere izango du biharkoak, Arozenaren arabera, «asko baitago egiteke hemen ere». 2021eko kale neurketara jo du hondarribiarrak, eta horren arabera, herritarren %16,3k hitz egiten dute euskaraz kalean. Aurreko ikerketarekin alderatuta (2016an egin zuten), 8,3 puntu behera egin du erabilerak. «Datu kezkagarriak dira. Hondarribian euskaraz aritzeko gogo handia dago, baina gero errealitatea nahiko tristea da», erantsi du, kezkati. Biharko festa, askorentzat, bide horretan lehen pauso bat izan daitekeela dio: «Urtero lagun batzuk engantxatzen ditugu egun honetan, aurten ere ziur hala izango dela. Gure esku baitago euskara mantentzea, baina baita galtzea ere. Bihartik hasita, urte osoko borroka egin behar dugu».
Ondorengoa da biharko egitaraua:
- 11:00. Haurrentzako eskulanak izango dira Arrantzale auzoan.
- 12:00. Bertso poteoa egingo dute, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Akizu bertsolariekin, Arrantzale auzotik abiatuta.
- 14:00. Bazkaria izango da Kasino Zaharrean. Txartelak Itxola eta Ttoparan eskura daitezke, 10 euroan.
- 17:00. Txikiren umorezko bakarrizketa. Euskaldunon jatorriaz, historiaz eta irriaz ariko da.
- 19:00. Jawata anti-DJaren emanaldia, Alde Zaharreko karpan.
- 21:00. Herriko taldeen kontzertuak: Hok ttuk Hamalau, The Iiingles eta Skubi.