[Elkarrizketa] “Gehiago hitz egin beharko genuke helduei buruz”
‘Hizkuntzaren funanbulistak’ izeneko tesia publikatu berri du EHUko irakasle eta etnologo hondarribiarrak. Nerabeek eskolatik kanpo dituzten hizkuntza ohiturak aztertu ditu, haiekin.
Urte luzeko ikerketa egin duzu. Nondik dator ideia?
Urte asko pasa ditut aisialdiko programetan lanean. Hizkuntza kontuetan beti izan dut interes berezia nerabeen inguruan hizkuntza praktikak ikertzeko, haien ohiturak eta errealitatea jasotzeko. Etengabe errepikatzen den gai bat da. Askotan eskolari buruz, familiari buruz, hitz egiten da. Aisialdiaz hitz egiten da, baina gehiegi jakin gabe —nire ustez— zertan ari garen. Eta gero, interesatzen zitzaidan nerabeen eremuan asko hitz egiten delako gai horri buruz, baina inpresioa dut ez dela beraiekin hitz egiten. Beraien ahotsa jasotzeko eta beraien ikuspuntua jasotzeko gogoa nuen, eta hortik abiatu zen proiektua. Nerabeen hizkuntza praktikak ikertu ditut, baina eskolatik kanpo, eremu ez-formalean. Kasu honetan helburua zen hizkuntza dinamika horien nolakotasuna jasotzea, baina baita nerabeen hizkuntza bizipenak jasotzea ere. Ez da bakarrik ikustea nola hitz egiten duten, baizik eta horren inguruan hizkuntza kontuei buruz beraiek zer esaten diguten aztertzea ere. Hau da, zein diskurtso dituzten, zein iritzi, kezkak… Horiek jasotzea. Helburua hori izan da: ikertzea haien hizkuntza praktikak, diskurtsoak eta ideologiak.
Nola jaso dituzu horiek guztiak, nola egin duzu ikerketa?
Hasteko, talde batzuetan ikertzen aritu naiz. Ez ditut nerabeak indibidualki ikertu. Antropologiaren metodologia erabili dut, bertan erabiltzen diren metodo kualitatiboekin hain zuzen, etnografia deitzen den hori. Orduan, pertsona indibidualak hautatu beharrean, egin dudana izan da praktika komunitateak deitzen diren talde batzuk hautatu. Eta kasu honetan kirol eta dantza taldeak aukeratu ditut. Guztira hamar talde izan dira. Futbol, eskubaloi eta dantzako taldeetan izan naiz. 110 gazterekin izan naiz orotara, gehienbat Donostia eta Oarsoaldekoak, 11-16 urte bitartekoak.
Esan bezala, gazteen diskurtsoak eta ahotsak entzun nahi nituen eta horretarako beraiekin egotea ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Haiekin denbora pasa behar nuela argi nuen. Metodologia hau erabiliz, ordu pila bat pasa ditut talde hauen entrenamendu edo entseguetan. Ordu pila pasa ditut koadernoan gertatzen zena jasotzen. Behaketak egin eta gero, elkarrizketak egin ditut, 60 bat izan dira. Elkarrizketa luzeak izan dira, batzuetan banaka baina gehienetan binaka edo hirunaka. Eta gero talde eztabaida batzuk ere antolatu ditut behaketa horien barruan. Dinamika batzuk proposatzen nizkien eta horietatik hausnarketak sortzen ziren, interesgarriak. Informazio pila bat jaso dut, nahi adina.
Hasierako hipotesi hori berretsi duzu, uste zenuen hura hala izan da?
Euskal Herrian hizkuntzaren biziberritze prozesua abiatu zenetik, orain dela 40 urte inguru, askotan errepikatu dugu helburu nagusia izan dela eskola sistemaren bitartez haur eta gazteak euskalduntzea, gaitasun eta ezagutza unibertsal bat lortzea. Horrek ekarri duena izan da beti fokua haur, nerabe edo gazteengan jarri dela. Gainera, normalean nahiko modu negatiboan. Ikusi baitugu euskalduntzen ari zirela gazteak, baina gero horrek ez zeukala eraginik. Halako frustrazio bat sortzen zen, gazteak euskalduntzen ari arren, gero kalean ez zuelako islarik horrek. Orduan, ikerketa honekin ikusi nahi nuen nerabe hauek diskurtso testuinguru horretan nola bizi diren, hizkuntzaren bizipen horiek zeintzuk diren benetan. Alde batetik ikusi dut beraiek nolabait asumituta dutela diskurtso hori, eta errepikatzen dute guk esaten duguna beraiei buruz. Beraiek esaten dizute: «Guk gaizki hitz egiten dugu euskaraz, erdarakada asko erabiltzen ditugu, bai; ez dugu euskaraz asko egiten». Zentzu negatibo hori beraiek asumituta dute. Nire ustez hori oso lotuta dago nerabezaroaren eraikuntzarekin. Nerabezaroa ez da oso kategoria zaharra. Adineko jende askori esaten badiozu nerabe hitza, askok ez dute ulertuko zertan ari zaren, duela 100 urte ez zelako kontzeptu hori existitzen. Haur, gazte edo heldu zinen, eta kito. Nerabezaroa eraiki denean, beti ezaugarri negatiboekin eraiki izan da. Beti egon da lotuta kontra egitearekin, desorekarekin, eta la edad del pavo bezalako esamoldeek hori berresten dute. Beti zentzu negatiboak dituzten ezaugarriekin definitzen da nerabezaroa. Eta horrek hizkuntzarekin lotura dauka. Beti leporatzen zaie denbora guztian nerabezaroan euskaraz egitetik gaztelaniara pasatzen direla, edo hizkerak dauden herrietan ez dutela bertakoa erabiltzen, ez dutela aiton-amonek bezala hitz egiten. Beraiek hori errepikatzen dutela jaso dut. Horrek ez du batere laguntzen beraien hizkuntza praktiketan edo motibazioan.
«Fokua beti haur, nerabe edo gazteengan jarri da, modu negatiboan»
Hori batetik. Bestetik, gero ere aztertu nahi izan dut zer gertatzen zen hizkuntzarekin eskolatik kanpo, eremu ez formal horretan. Eta hor bai ondorioztatu dut zerbait ez dena berria: eskolatik kanpoko eremuetan euskararen egitura oso ahula dela. Kirolean euskarak duen presentzia oso-oso urria da. Gipuzkoa aztertu dut, eta herri euskaldunenetan ere egitura oso ahula da. Nerabeek ez dute topatzen eskolatik kanpo euskaraz egiteko egitura egokirik. Kirola aztertu dut, baina gauza berbera pasatzen da bestelako esparruetan. Telebista, sare sozialak… Halakoetan ere euskararen presentzia oso eskasa da. Bi ondorio orokor horiek atera ditut ikerketatik.
Uste duzu arau bezala ikusten dutela gazte eta nerabe batzuek euskara?
Batzuek zama bezala bizi dute, eta beste batzuek ez. Interesgarria da ikustea, nerabeei galdetzen diezunean: «Zuri eskolan euskaraz egiteko esaten dizute?», eta baietz diote. Hori eskatzea ulertzen dute, eta eskolako arau hori ulertzen dute. Ulertzen dute zergatik esaten dieten, ulertzen dute euskara hizkuntza ahula dela, eta arau hori ulertzen dute. Baina eskolatik kanpo ez dute arau hori mantentzen denik ikusten. Batzuk, inkluso, denek ez, baina batzuk ez dute onartzen eskolatik kanpo arau hori edo agindu hori jasotzea. Arau sozialak denok onartzen ditugu eta nerabeek ere. Kasu honetan gertatzen dena da, eta nik ondorio hori atera dut, nerabeek ikusten dutela eskolako arau sozial edo helduengandik jasotzen duten arau hori pixka bat tranpatia dela. Beraiek ikusten baitute alde batetik gizarteak eskatzen diela heldu bihurtu behar dutela, haur izatetik heldu izatera pasa behar dutela, eta era berean eskatzen zaie euskaraz egiteko.
Baina beraiek ikusten dute heldu izateko gaztelaniaz hitz egin behar dutela. Beraiek helduen mundua prestigioa duen mundu bezala ikusten dute. Kasu honetan, kirol munduak adibidez, gaztelaniaz funtzionatzen duela ikusten dute. Orduan, beraiek ikusten dute heldu izatea eta euskaraz aritzea kontraesanak direla. Horren kontra ere agertzen dira nolabait. Adierazten dute: «Zuek esango duzue hau, baina gero guk ikusten dugu heldu izateko gaztelania behar dugula». Agindu kontraesankor dezente jasotzen dituzte. Batetik, esaten diegu euskaraz jakin behar dutela, baina era berean, eta agian honi buruz ez da hainbeste hitz egiten, gizarteak inplizituki edo esplizituki esaten die gaztelaniaz edo frantsesez ere ongi jakin behar dutela. Aztertu ditudan taldeetako gehienek eskolaz kanpo ingelesa ikasten dute. Hori ere eskatzen diegu. Exijentzia asko dira hizkuntzaren inguruan eta batzuk, gainera, kontraesankorrak dira.
«Nerabeei buruz asko hitz egiten da, baina ez beraiekin»
Beraz, fokua gurasoengan jarri behar da?
Bai. Atera dudan ondorio nagusietako bat da agian gazteen hizkuntza kontuetan gazteei buruz gutxiago hitz egin beharko genukeela eta helduei buruz gehiago. Batzuetan, erdi txantxetan, esan dut gazteen hizkuntza ohituren inguruko ikerketak eta egitasmo asko antolatzen direla, baina gutxitan hitz egiten dela helduen hizkuntza ohituren gainean. Agian hasi beharko ginateke horri begira, hor asko dago egiteko, asko dago hitz egiteko. Eta gainera, helduen mundua euskalduntzen ez dugun bitartean ez dakit alperrik, baina oso-oso zaila da jarraitzea mezu hauek helarazten haur eta gazteei.
Funanbulistak kontzeptua erabili duzu. Zer esan nahi izan duzu horrekin?
Ez zaizkit batere gustatzen nerabeei buruz etengabe errepikatzen ditugun topikoak. Ordu asko pasa ditut nerabeekin eta denetik dago. Badakitenez nerabe izatea topiko horiekin lotuta dagoela, jarrera hori performatzen dute maiz. Etengabe jasotzen dituzten mezuak desorekarenak dira, eta hortik iritsi zitzaidan ideia. Ikusi ditut nerabeak hizkuntza kontuetan hari baten gainean dabiltzala, euskararekin funanbulista izatearen sentsazioa dutela. Euskararen eta erdararen arteko oreka zail horretan dabiltza, eta agian ahalegin gehiegizkoa eskatzen zaiela. Batzuetan badator haizea desorekatzen dituena, esaten diegulako gaizki hitz egiten dutela, adibidez, edo hiztun berriei euskaldun petoak ez direla esaten diegulako. Desoreka sentitzen dute.
Optimista izaten saiatu naiz, desoreka izateak ez duelako zertan negatiboa izan behar. Desoreka egoteak suposatzen du mugimendua badagoela eta horrek agian laguntzen die aurrera urratsak egiten. Desoreka horretan, erortzen bazara, sarera erortzen zara, eta seguru zaude. Eta horrek laguntzen dizu sarean lasaiago egoten eta esperimentatzen, adibidez. Kasu honetan ez dakit helduen munduak sare hori eraikita duen, edo korapilo trinkoekin korapilatuta ote dagoen. Helburua litzateke sare hori eraikitzea.