Alokairuzko 66 etxebizitza babestu eraikiko dituzte Hondarribian
Bi logelako 51 etxebizitza eta hiru logelako 15 etxebizitza eraikiko dituzte Presa 1 partzelan. PSE-EE taldeak "albiste bikaina" dela adierazi du.
Alokairuzko 66 etxebizitza eraikiko ditu datorren urtean Eusko Jaurlaritzak Hondarribian. Horren berri eman du herriko PSE-EE taldeak. Pozik agertu dira, “albiste bikaina” baita herriarentzat haien ustez. “Hondarribia bizitegi-larrialdi egoeran dago. Horrelako jarduerak oso beharrezkoak dira. Oso positibotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ekimena; izan ere, ekintza honekin, beste urrats bat ematen du hondarribiarren arazo handienetako bati aurre egiteko “, esan dute.
Presa 1 partzelan eraikiko dituzte babeseko etxebizitza horiek. Obra kontratua 9.701.016,92 eurokoa izango da, BEZik gabe eta Ormak-Sadekosa ABEEari adjudikatu diote kontratua.
Bi logelako 51 etxebizitza eta hiru logelako 15 etxebizitza eraikiko dituzte, eta lehenengo sortan mugikortasun urriko pertsonentzako hiru etxebizitza egokitu sartzen dira. Guztiek kanpoko eremuak izango dituzte, terraza edo balkoien bidez.
Obra datorren urte hasieran hastea aurreikusi du Jaurlaritzak, eta eraiki ondoren, Alokabidek kudeatuko ditu etxebizitzak. Etxebiden izena emana dutenen gizarte alokairurako izango dira.