PSE-EEk positiboki baloratu du Kostarekin izandako bilera
Guillermo Etxenikerekin bildu dira sozialistak, hondartzako kirol eremua udalari eskualdatzeko udalbatzak egindako eskaeraz aritu dira. Haren arabera, "aurrera egin daiteke printzipioz, ez baitago oztopo teknikorik".
Hondarribiko PSE-EE taldeak bilera egin berri du Espainiako Gobernuko Gipuzkoako ordezkariorde eta Kosta Herrialdeko buru berri Guillermo Etxenikerekin. Bilera honetan, besteak beste, hondartzako kirol eremua udalari eskualdatzeaz aritu dira, Hondarribiko Udalbatzak iaz onartu baitzuen dagokion eskaera egitea. Udal talde guztien onespena jaso zuen orduan Abotsanitzek egindako proposamenak. Honen arabera, Hondartza auzoko kirol guneen titulartasunaren transferentzia egitea eskatu zuten.
Bada, Etxenikek adierazi duenez, gai horri buruz “aurrera egin daiteke printzipioz, ez baitago oztopo tekniko garrantzitsurik”. Egin beharreko izapideetako bat lurren uholde arriskuaren azterketa bat dela azaldu du Kostako buruak: “azterketa hori nahitaezkoa da aurrera egin aurretik”, esan die.
Bilkura horretan aztertutako beste gaietako bat izan da hondartzako kirol eremuan zenbait errepide zati udaletxera edo Portuetara atxiki beharko direla proiektuak aurrera eginez gero. Nolanahi ere, Etxenikek ohartarazi du egin beharreko izapideak “luzeak” direla, eta “aurrerapen posibleak denbora behar dutela”.
Herriko PSE-EEko kideentzako “albiste ona” da lursail horiek udalari eskualdatzeko negoziaketak aurrera egitea.
Udala hondartza inguruko lursail horiek erabiltzen ari da egun, hiru hitzarmeni esker. Horietako bi jada iraungita daudela gogorarazi dute sozialistek, eta hirugarrena (kiroldegikoa) datorren urtean iraungiko dela.