Jaurlaritzak abiatutako bonuen kanpainara 30.000 euro bideratu ditu udalak
Tokiko merkataritza sustatzeko helburua duen Euskadi Bonu Denda kanpainarekin bat egin du udalak. Herritar bakoitzak bost bonu jaso ahal izango ditu.
Gaur abiatu den Euskadi Bonu Denda egitasmoari 30.000 euroko ekarpena egin berri dio Hondarribiko Udalak, tokiko merkataritza sustatzeko asmoz. Hala, bonu horiek eskuratzera gonbidatu dituzte herritarrak udalak eta Amuitz elkarteak, dagoeneko eskuratu ahal baitira. Modu errazean lortuko dituzte herritarrek: saltokiak bezeroen NAN sartuko dute plataforma batean, eta trukean, bonuak jasoko dituzte. Pertsonako bost bonuren muga kontrolatuko dute plataforma honekin.
Igor Enparan alkateak jakinarazi du kreditu gehigarri bat egin behar izan duela, izan ere aurrekontuan ez zegoen partida bat honetarako. “Jaurlaritzak kanpaina hau abiatu behar zela jakin genuenean bat egitea erabaki genuen. Aurrera begira halako kanpainekin bat egiteko prestutasuna argi utzi nahi dut”, esan du gaurko aurkezpenean Enparanek.
Hondarribiko 53 establezimenduk parte hartuko dute kanpaina honetan eta abenduaren 5era bitarte luzatuko dute. Hondarribiarrei parte hartzeko gonbita egin die alkateak: «Udala komertzio txikien sutapenarekin oso konprometituta dago. Herriko komertzio txikiek herria biziberritzen dute, bizia eragiten dute, eta tokiko merkataritzaren garapenari bultzada ematen dio».