Irun, Behobia-Donostiagatik eraldatuta
Igandeko goiz-goizetik hiriko trafikoan eragin oso nabarmena izango du lasterketak. Alternatibak prestatu ditu udalak.
Igandeko Behobia-Donostia lasterketak eragin oso nabarmena izango du Irunen, goizetik arratsaldeko lehen ordura arte gehienbat. Errepide sareari dagokionez, etenik luzeena Behobia aldean izango da: Behobiako biribilgunearen eta Osinbiribilekoaren arteko zatia igandeko 06:30etik 14:00etara ibilgailuen trafikorako itxita egongo da. Zonalde horretan, zehazki Behobiako biribilgunearen eta AP-8a eta N121-A errepidea lotzeko zatia ere itxita izango da, baina epe laburragoan: 08:00etatik 11:30era (lasterkari guztiak atera arte, gutxi gorabehera).
Horiez gain, lasterketa pasako den kale guztiak moztuta izango dira 09:00etatik 13:00etara: Behobia-Osinbiribil zatia; Osinbiribil-Nafarroa etorbidea-Colon zatia; Gipuzkoa etorbidea; Elizatxo hiribidea suhiltzaileen biribilguneraino. Handik Gaintxurizketa aldera doa lasterketaren bidea. Kale horien inguruko beste batzuetan ere izango du eragina probak
Bide mozketa horiengatik, hainbat alternatiba prestatu ditu Irungo Udalak. Horiek hemen ikus daitezke.
Bestalde, bertan behera geldituko dira honako aparkalekuak:
- Geltoki kalekoak ezabatuko dira, biharko (ostirala) goizetik igandeko 10:00ak arte.
- Iparralde hiribideko aparkalekuak ezabatuko dira, igandeko 14:00ak arte. Taxi geltokia egokituko dute bertan.
- Behobiako aparkalekua kenduko dute, asteazkenetik igandeko 14:00ak arte. Han jarriko dute irteerako azpiegitura guztia.
Gainera, Irunbusen zerbitzuetan aldaketa nabarmenak izango dira. Horien berri udalaren webgunean izan daiteke.