EAJ: "Hondarribiko historiako aurrekonturik altuena osatu gabe dago"
2024ko aurrekontuaren kopuruagatik poza agertu badute ere, jeltzaleek faltan bota dituzte "proiektu eta inbertsio garrantzitsuak". Bihar bilduko da ogasun batzordea.
Bihar (hilak 9) ogasun batzordea bilduko da udaletxean, 2024ko aurrekontuak eztabaidatuko dituzte. EAJ taldeak ohar bidez jakinarazi du zenbait ekarpen egingo dizkiola udal gobernuak aurkeztutako proposamenari. Haien arabera, historiko aurrekonturik altuena izango du Hondarribiak, 29 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusi dute. Erronka garrantzitsua dela diote, eta kopuruagatik poza agertu badute ere, “proiektu eta inbertsio garrantzitsuak faltan bota” dituzte jeltzaleek.
Bestalde, planteatutako proposamenak aurreko taldeak landutako ildoari jarraitzen diolako poza agertu dute, eta ondorioz, uste dute “ez dela Abotsanitz oposizioan zegoenean ikusarazten saiatzen zen bezain aurrekontu txarra”. Deigarria iruditu zaie “Abotsanitzek urtero oposiziotik egin dituen eskaerak ez direla sartzen 2024ko aurrekontuan”. Besteak beste, zezen plazako aparkalekua, disuasio aparkalekua, autokarabanen gunea eta aurrekontuaren %2 herritarren partaidetzara bideratzea ez dutela jaso diote. “Ez dugu partida hori aurkitu Abotsanitzek aurkeztutako proposamenean”.
Duela urte batzuk “hasitako hainbat proiektuk izan duten emaitza ona ikusita”, jeltzaleek uste dute hurrengo urterako aurrekontuan zenbait kontu islatu behar direla, tartean, aparkalekuaren arazoari irtenbide bat ematea edota gizarte zerbitzuei arreta emateko irtenbide “irisgarri eta hurbila” ematea. Kultur agendan finkatutako ekitaldiak antolatzea ere ez dutela aurreikusi salatu dute, ezta ere Arrantzale auzoaren berrurbanizazioa sartzea, edota Pasaia Kalean Arkollen edo Higer Bidean egin beharreko hobekuntzak. Horrez gain, faltan bota dute merkataritza sektorerako ekintzak eta arrantza sektorea sustatzeko “proiektu bat indartzea”.
5 milioi euroko proposamenak
Horregatik guztiagatik, EAJk zenbait ekarpen egin dizkio udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuari. Guztira, 5 milioi euro inguruko proiektuak jaso dituzte honetan.
Etxebizitzari dagokionez, etxebizitza arloa abian jartzea proposatu dute, udalak sustapen publikoak zuzenean kudeatu ditzan (100.000 euro).
Mugikortasunean, Javier Ugarteko lurpeko aparkalekuaren proiektua (150.000 euro) eta hiriko autobus zerbitzuaren bideragarritasun ekonomikoko plana (50.000 euro) jaso dituzte.
Ekonomian, honako proposamenak egin dituzte: Kofradia proiektuaren diseinua egitea (18.000 euro); merkataritza dentsitate txikiko kaleetan saltoki berriak jartzeko laguntzak ematea (50.000 euro) eta Bonu Denda kanpainarako 100.000 euro bideratzea.
Gizarte zerbitzuei dagokionez, zenbait proposamen egin dituzte: Muliaten bulego berri bat egitea eta lekuz aldatzea, Kasino Zaharreko tabernaren proiektua, bakardadearen aurkako plana, Bidez-Bide programa indartzea eta elkarte eta GKEei izapideak errazteko aholkularitza ematea jaso dituzte. Orotara, 688.000 euro bideratuko lituzkete atal honetara.
Hondarribia “bizia eta euskalduna” nahi du EAJ, eta horretarako ere zenbait proposamen egin dituzte, ondorengoak: Eskifaiaren Hondarribiko eliz musika zikloaren 40. urteurrenerako 20.000 euroko inbertsioa egitea, ludoteka edo haurtxokoen bideragarritasun azterketa bat martxan jartzea (30.000 euro), elkarteek eraikin publikoen erabilera areagotzeko azterlana egitea (18.000 euro) eta Muliaten erabilera publikoko espazio bat sortzeko proiektua egitea (70.000 euro).
Berdintasun Saila sortzea ere proposatu dute, eta horretarako 60.000 euro bideratzea proposatu dute.
Herria “atsegina” izan dadin, honako bi proposamenak egin dituzte: Arrantzale auzoa berrurbanizatzea (3.200.000 euro) eta Kalez Kale II Arkoll, Pasaia kalea, Mendelu eta Higer bidea hobetzeko proiektua egitea (150.000 euro).
Azkenik, ondareari dagokionez, San Telmo gazteluan 150.000 euroko inbertsioa egingo lukete jeltzaleek eta Goiko Errota irekitzeko proiektua hasiko lukete, 20.000 euroko inbertsioa eginez.