Pikoketako hobia "memoria leku" izendatzeko aldarrikatu dute
1936an Pikoketan fusilatutakoak omendu zituzten atzo eta aldarrikatu zuten bertan jazotakoa ikertzen segitzeko memoria leku bilakatzea hobia.

1936ko abuztuaren 11n falangistek fusilatutakoak omendu zituzten atzo Pikoketan. Urtero lez, deialdia Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak Elkarteak egin zuen eta herritarrek eta Irungo alderdi ezberdinak bertaratu zirela baieztatu du elkarteak.
Eraildako familiarren izenean Miguel Usabiagak hartu zuen hitza, eta gero, ordezkari politiko batzuen txanda izan zen. Ekitaldia txalaparta doinuekin hasi zen eta lore eskaintza batekin bukatu zen, Eusko Gudariak, Riegoren ereserkia eta Internazionala abestiekin batera.
Pikoketako fusilatuak oroitzeko bildu zirela oroitu zuten ekitaldian, baita “errepublikaren legalitatea defendatzeko, demokraziarena eta faxismoaren kontra borrokatzeko” ere.
Urte askoan Pikoketako hobian hamahiru pertsona zeudela pentsatu izan da, baina Salamancako artxiboetan topatu zuten Miguel Lorenzo Pascual ere hobi horretan egon daitekeela. Beraz, hogei bat pertsona daudela hobi horretan uste dute.
Elkarte memorialistak dio Lorenzoren berri izan dutela Memoriaren Legeari eske. “Iaz esan genuen bezala, lege honek aurrekoaren zerbait hobetu du, baina gabezia asko ditu, horietako batzuk elkarte memorialistek egindako aldarrikapenak direnak”.
Memoriaren Lege horretan ez dagoela Aministiaren Legea “ez baliogabetua ez eta indargabetuta partzialki edota osorik” deitoratu dute. “Ez dago jasota ezta ere Frankismoko eta Trantsizio garaiko humanitatearen kontrako krimenak ez preskribatzea. Ez dago inolako kondenarik eliza katolikoari, ez dago exijentziarik [eliza katolikoak] barkamena eska dezan estatu kolpea babesteagatik. Babes horrek justifikazio morala eman zion Espainiako Gerrari eta guztiz kolaboratu zuten diktadura frankistarekin”.
Duela hilabete Euskadiko Memoria Demokratikoaren Legea onartu dutela izan zuten hizpide ere. Lege hau memoria lekuak sortzeari buruzkoa da eta Pikoketako hobia memoria leku izendatuz gero, ofizialki ahalko zela ikertu gertatutakoaz adierazi du Nicolas Gerendiain Elkarteak. “Ahalko genuke jakin ere zenbat pertsona dauden bertan eta ahalko genuke bilakatu memoria leku eta irakaspen leku etorkizuneko belaunaldiei”.
Datorren urtean posibleko dutela jakin ea lege horrek esperotakoa betetzen duen diote, eta baita ea betetzen duen ere “Frankismoko eta Trantsizioko biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioaren aldarrikapenak”.
Bukatzeko, izena jarri dioten fusilatutako biktimen izenak zerrendatu zituzten:
- Mertxe Lopez Cotarelo. 17 urte zituen hil zutenean.
- Pilar Valles Bikuña. 17 urte zituen hil zutenean.
- Jose Maria Arruti Idiakez. 18 urte zituen hil zutenean.
- Victor Genua Montiano. 25 urte zituen hil zutenean.
- Jesus Lopez Casado. 26 urte zituen hil zutenean.
- Agapito Dominguez Taguada. 23 urte zituen hil zutenean.
- Bernardo Usabiaga Jauregi. 18 urte zituen hil zutenean.
- Manuel Justo Alberti. 22 urte zituen hil zutenean.
- Vicente Argote. 47 urte zituen hil zutenean.
- Agustin Miguel Bermejo. 39 urte zituen hil zutenean.
- Felix Luz Etxeberria. 27 urte zituen hil zutenean.
- Miguel Jacinto Lopez Martinez. 49 urte zituen hil zutenean.
- Miguel Lorenzo Paskual. 35 urte zituen hil zutenean.
- Angel Braña Lopez. 27 urte zituen hil zutenean.