Memoria Zerbitzuak, Miguel Lorenzo eta Macario Romanen berri eman du
Miguel Lorenzo, Irungo milizietako kidea zen eta Pikoketan desagertu zen. Aldiz, Macario Roman Gorrua baserriko posizioan zegoen frankistek eraman zutenean. Bigarrenaren biloba, Mercedes Postillo, gaurko udal agerraldian izan da.

Udaleko Memoria Historikoko zerbitzuak egindako lanari esker, 86 urte beranduago, bi errepresaliaturen berri eman dute Irungo Udalean gaur. 1936ko Gerra Zibileko Irungo biktimen zerrendara gehitu dituzte gaur, beraz, Miguel Lorenzo Pascual eta Macario Roman Breton. Aurkezpenean Roman Bretonen biloba, Mercedes Postigo Breton eta udal ordezkaria, Santi Jimenez izan dira.
Espainiako Estatua munduan hobi gehien dituen herrialdea dela Kanbodiaren atzetik esanez hasi du agerraldia Jimenezek. Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistan 140.000 pertsona baino gehiago arrazoirik gabe atxilotu zituzten, familietatik urrunduz azalpenik gabe, ondoren fusilatu eta hobi komunetan edota areketan lurperatzeko. “Haietako bakoitzaren benetako historia ezagutu arte lanean jarraitu behar da, justizia egin eta egindako kaltea erreparatu”, dio ordezkariak.
Miguel Lorenzo Pascual
Agramunten (Lleida) jaio zen eta Norteko Geltokiko Batzorde Iraultzaileko kidea zen. 1936ean, 35 urte zituen, Marciana Gonzalez Diazekin ezkonduta zegoen eta ogibidez treneko zerbitzaria zen burdinbideetan.
Gerra Zibila hasi baino egun batzuk lehenago, ekaina amaieran, Irunen osatu ziren herri milizietako kide egin zen. Lorenzo Pikoketan desagertu zen abuztuaren 10etik 11rako gauean eta udal zerbitzuak azaldu duenez “preso hartu eta fusilatu” egin zuten, abuztuaren 11ko goizaldean, posizio hori babesten zenbiltzan beste soldadu guziekin batera.
Dena den, ez dago lleidarraren heriotza ziurtagiririk. Ondorio horietara iristeko Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio zentroko agiriak aztertuta iritsi dira, zehazki, PSET (Pagaduría Secundaria del Ejército de Tierra) funtsetan bilatuta.
1978an hasi ziren Pikoketan fusilatutakoen senideak antolatzen eta gorpuak bilatzen udalak gogoratu duenez, baina Lorenzo “ahaztuta” geratu zela adierazi dute. Izan ere, haren senideek ez zutela jakingo posizio horretan hil zela.
Macario Roman Breton Marzo
1903ko martxoaren 1ean Quel herrian (Errioxa) jaio zen, baita bere alabetako bat ere 1929ean. Queleko Udaleko aguazila zen ofizioz eta Bigarren Errepublikaren garaian, Irunera joan ziren, 1934 inguruan.
Udalak argitu duenez, Macario Romanek fruta denda bat zuen Cipriano Larrañaga kalean, eta Kale Nagusian bizi zen bere familiarekin. Frankistek Estatu Kolpea eman zutenean, boluntario agertu zen kolpisten aurka egiteko, eta haren kamioneta erabili zuten San Martzialeko frontera elikagaiak, hornigaiak eta soldaduak eramateko.
1936ko abuztuaren 20an desagertu zen Gorrua posizioan, hau da, Olaberria auzoko Gorrua edota Gorroaga deituriko baserrian zegoen posizioan, Zubeltzuko frontera bidean. Bidaia hori ikusi zuen testigu batek esan zuen segada batean harrapatu zutela Roman Breton eta bertan fusilatu zutela.
Avilako Artxilo Militar Nagusian aurkitutako dokumentu batzuetan kolpistek abuztuaren 22an Nafarroako Komandantzia Militarrera bidalitako txosten bat topatu zuten. Agiri horretan Macario Breton delako bat harrapatu zutela jaso zuten, Olaberria auzoaren bueltan. Irungo Memoria Historikoko zerbitzuak dio informazio horri esker indarra hartzen duela eraman eta fusilatu izanaren hipotesiak.
Irungo hilerrian lurperatu zuten, baina ez dakite zehazki ea 1936an edo 1946an izan zen. Aipaturiko azken urtekoa da heriotza ziurtagiria, baina hamar urte lehenago “gerra ekintza batean zaurituta” hil zela 1936ko abuztuaren 20an ere jartzen du.
Memoria Historikoan arakatzen, urteak
Mercedes Postillo Breton, Roman Bretonen biloba egon da gaurko aurkezpenean eta informazio hau eskuratu arte pasa behar izan duen prozesu administratibo eta pertsonala kontatu du oso hunkituta. “1998an hasi nintzen aitona non zegoen bilatzen, amak esan baitzidan hori nahi zuela zahartzenari zelako”. Ordura arte, berak argazkietan besterik ez ikusi izana gogoratzen du.
Irungo Udalera deitu zuten lehenik, baina ez zegoela bertako artxibategian haien senidaren gainekoak erantzun zieten, “bilatu genuen denbora periodoa 1934 eta 1940koa izan zelako”, eta aurrerapausorik eman gabe urte asko pasa zituztela azaldu du Postillok.
Urte horietan, Irungo Vega abizena duen gizon bat ezagutu zutela esan du eta hark entziklopedia bat erakutsi zien La Guerra en Euskal Herria izenekoa. Orri horietan irakurri zuten bere aitona desagertutzat jo zutela 1936ko abuztuaren 20an eta Roman Breton, bere emaztea eta alaba guziak errefuxiatu egin zirela Frantzian hilabete batzuetan. Gero berriz jaioterrira itzuli ziren, Errioxara.
Aitonaren desagertze data 2008an jakin zuen eta “pozik” geratu zirela oroitu du bilobak. Baina aurten militarra den bere lagun batek informazio asko lortzen lagundu ziola adierazi du Postillok, eta Irungo Memoria Zerbitzuaren albiste bat irakurri zuela lagunak. “Orduan, Aitzol Arroyo historialariarekin egin nuen topo eta berak ni baino gehiago zekien nire aitonaz”, azaldu du hunkituta errioxarrak.
Dolua pasa ahal izateko ezinbestekoa dela gorpua non dagoen edota harekin zer gertatu zen jakitea nabarmendu nahi izan du Postillok. “Maite duzun pertsona bat joaten denean, dolua hasten duzu, eta gero haren gorpuzkiak dauden leku batera joaten zara, eta lasaitu egiten zara. Nire amak urteak eman ditu lasaitu ezinik”.
Jimenez ondoan zegoela, udaletxeari oroimen plaka bat eskatu dio bere aitonaren historia ez ahazteko. Udal ordezkariak merezi duen ikusgarritasuna eta errekonozimendua nola eman aztertuko dutela baieztatu dio.
Memoria Historikoa zerbitzua
Askok eta askok ez dakite non dauden Gerra Zibileko eta Frankismoko biktimen gorpuak eta Irunen Memoria Historikoko zerbitzuak bilatzen laguntzen die biktima horien senideei aholkularitza ematen, garaiko testigantzak, dokumentuak eta objektuak biltzen.
Roman Bretonen kasuan, Olaberria ingurura bisita antolatu zuten, bertan desagertu baizen. Horrez gain, bulegoak dokumentazio guztia biltzen duen espedientea eman dio familiari, eta historia gizarteari zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Ikerketarako ezinbestekoa izan den DNAren lagin bat nola atera aholkatu dio zerbitzuak familiari ere.
Bulegoa Pikoketa karrikako Ikust Alaia jauregian dago eta harremanetan jartzeko telefonoa 943 505 152 da. Informazio gehiago, udalaren orrialdean ikus daiteke, memoria historikoaren atalean.