[Erreportajea] Itzulera: aldarri eta arnas
Hiru astean 8.603 palestinar hil ditu Israelgo Estatuak, horietatik 3.542 haurrak. Palestinaren aldeko elkartasun uholdeak hartu ditu kaleak palestinarren erresistentziarako eskubidea aitortuta.
Urriaren 7tik 30era 8.525 palestinar hil ditu Israelgo Estatuak; horietatik 3.542 haurrak. Save The Children erakundeak emandako datuen arabera, 2019tik mundu osoan izandako gatazka guztietan denera baino haur gehiago hogeita hiru egunean. Zaurituak, 21.000etik gora. Israelen eraso bortitzak jarraitzen du eta airetik jaurtitako lehergailuei, fosforo zuria barne, lurretik egindako erasoaldia gehitu behar zaio orain.
Basakeriaren aurrean asko dira kaleak hartu eta genozidioa gelditzeko, palestinarrek euren lurretan aske eta duin bizitzeko, eta herri horrek erresistentziarako duen eskubidea aldarrikatzen ari diren herritarrak. Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan ere hala egiten ari dira: elkarretaratzeak egin dituzte Oiartzun, Lezo, Irun eta Errenteria-Oreretan. Azken horretan manifestazio jendetsua egin zuten hilaren 20an sortu berria den Orereta Palestinarekin Herri dinamikak deituta. Joan den ostiralean, berriz, hitzaldia antolatu zuen Gaztañoko auzo lokalean NATO eta EBren kontrako Herri Ekimenak.
Bertaratu zirenek hamarkada luzeetan Palestina pairatzen ari den eraso, okupazio eta genozidio saiakera etengabearen berri jaso zuten Taher Ali, Palestinako gazte erbesteratuen Al-Yudur antolakundeko kidearen eskutik —joan den ostegunean hari egindako elkarrizketa argitaratu zuen hitza-k edizio digitalean—. Palestinako preso politikoen sostengurako Samidoun kolektiboko kide ere bada. Al-Yudur antolakundeko gazte atzerriratuek, sustraiei eutsi eta erbestean jaio edo bizitzearen arrazoiak bizi-bizirik mantentzea dute helburu.
Palestinara itzultzea helburu
Badira Palestinatik kanpo jaio direnak, errefuxiatu eremuetatik heldu berriak diren kideak, edota erbestean sortutako hirugarren belaunaldikoak ere antolakundean. Madrilen (Espainia) jaio zen Taher Ali, Bilbon bizi da egun, baina gazatar gisa aurkeztu du bere burua. Palestinako herrietan dituzte sustraiak sendo, eta bertako herritar gisa aurkeztea lotuta dago bete-betean aldarri duten itzulera eskubidearekin, «hori da gure helburu nagusia, gure herrietara, gure lurretara itzultzea».
«Bizitza eutsiezina zen jada Gazan, urteak daramate bertakoek bizirauteko aukerarik gabe»
Hitzaldian Palestinako erresistentziaren transmisore izan zen Ali: «Oso harro gauden gure borrokaren igorle, baita gure herriaren sufrimenduaren transmisore ere izango naiz gaur».
Hilabete atzera egin zuen Palestinaren egunerokoa urriaren 7a baino lehen nolakoa zen kontatzeko. Lehen belaunaldiko erbesteratua da bera, eta familia du Gaza iparraldean. Hala, Palestina hiru eremutan banatuta dagoela azaldu zuen: «Apartheid eremua da lehena, Israelgo Estatu gisa ezaguna; guretzako, 1948ko lurraldeak. Palestinaren zatirik nagusiena da, herritarren %20 palestinarrak dira, eta arrazaren araberako 40tik gora legeren menpe bizi dira. Politikoki antolatzeko, hainbat lanpostu izateko, edo ondasunak erosteko baldintzatuta daude. Arrazagatiko zapalkuntzan oinarritutako legezko estatu bat da, finean».
Bigarren eremua Zisjordania da. Vichyren Frantzia gisa definitu zuen. «Zisjordanian Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidente bat dugu ustez, baina okupazioaren gai indigenen ministroa da izatez. Agintaritza nazionalaren espetxeetan daude erresistentziako kideak, politikoki antolatzen den oro jazartzen du kolonizatzaileari informazioa emateko. Argi dago nork agintzen duen».
«Eta guzti honen aurrean zer egiten dute Europak, AEBk, Kanadak eta Japoniak? Begiak itxi»
Hirugarren eremua, Gazakoa, Varsoviako ghettoarekin alderatu du palestinarrak —nazien Alemaniak Europan ezarritako juduen ghettorik handiena izan zen holokausto garaian Varsoviako hori—: «Hamabost urteko blokeoa jasaten ari dira: ezin dute atera, errefuxiatu eremutan bizi dira 1948az geroztik, hamabost urte daramate kutsatutako ura edaten, elikagairik gabe, elektrizitate ordu batzuk baino ez dituzte, eta erregairik ere ez dute ia. Gazan, ezinezkoa da praktikoki zahartzarora heltzea, populazioa oso gaztea da. Jaiotze tasa altua da, baina bizirauteko aukerak, oso eskasak».
Bizirauteko aukera gabe
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Gaza ez da bizitzeko egokia 2020az geroztik. Hori guztia gutxi balitz, ez dute lur nahikorik populazio guztia elikatzeko Alik nabarmen jarri zuenez: «Arrantzan ari direnean urrutiratzen diren arrantzaleak fusilatu egiten ditu Israelek, berdin euren uzta biltzera doazen nekazariekin, Israelek kontrolatzen dituen ibaietan esklusak irekitzen dituzte uholdeak eragin eta uztak hondatzeko. Bizitza duela hilabete eutsiezina zen jada Gazan, urteak daramate bertakoek bizirauteko aukerarik gabe».
«Eta guzti honen aurrean zer egiten dute Europak, AEBk, Kanadak eta Japoniak? Begiak itxi»
Laugarren eta bosgarren eremuak ere aipatu zituen: Israelgo espetxeak dira laugarren eremu hori palestinarrentzat: «5.200 palestinar daude bahituta horietan; erresistentziaren urriaren 7ko operazioaren ondoren, ia bikoiztu egin da kopuru hori, bahitutako palestinarrak 10.000 dira gaur-gaurkoz».
Bosgarren eremua, berriz, zenbakien hilerria da. «Israelgo Estatuaren zabarkariengatik hildako palestinar preso politikoen hilotzak ditu estatu sionistak bertan. Israelek uste badu ez dutela euren zigorra bete, haien gorpuak bahituta mantentzen ditu, eta familiek ez dute hilik dauden baieztapenik. Telefonoz deitzen dituzte senideak eta esaten diete bizirik direla, gero ezetz, hil direla…».
Mendebaldea, itsu
Basakeria horren guztiaren iturburuan sionismoa jarri du Al-Yudurreko kideak, eta kritiko azaldu da oso Mendebaldearen jarrerarekin, Israelekiko lerrokatze garbiaren harira: «Eta honen guztiaren aurrean zer egiten du munduak, zer egiten dute Europak, Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, eta Japoniak? Begiak itxi». «Ustezko ezkerra» ere ez du kritikatik kanpo utzi, «errefuxiatuen eremuetara joaten dira argazkia egitera, baina bakea mantenduz, ez dadin ezer gertatu».
Ahoan bilorik gabe esan zuen, gauzak horrela, «borrokatzea» dela palestinarrek duten aukera bakarra. «Palestinako herriak zer egin behar du eraman ezina den egoera horretan? Borrokatu duintasunez bizi ahal izateko, etorkizuna eman, itxaropena izan, bizitzeko arrazoi bat eduki… jakin bere seme-alabek eta haien seme-alabek ez dutela harresi horri begirako etorkizun bat izango». Eta harresia apurtu beharra aipatu zuen, «munduak jakin dezan hemen garela, hasteko eta behin; eta ondoren, kolonoak jakin dezan ez duela bakerik izango guretzako justiziarik ez den artean».
Irtenbide bakarra dago, argi esan zuen Alik Gaztañoko hitzaldian: Palestinatik kanpo bizi diren 7.500.000 errefuxiatu palestinarrak euren herrira, lurretara, etxera itzultzeko eskubidea izan dezatela: «Gazatarren %70ak, zeintzuren lurrak Israelgo Estatuaren menpe dauden, itzultzeko aukera izan dezala; Zisjordanian ghettoetan itxita bizi diren palestinarrak etxera itzultzeko aukera izan dezatela. Egitura koloniala eraitsi dezatela, ez dadila inor beste inoren gainetik izan bestelako arraza batekoa izateagatik».
Itzulera bermatu
Itzulera bermatuta, «autodeterminazioaz» hitz egiteko aukera izango luketela azaldu zuen gazteak, «eta une horretan zabalduko dugu bakea lortzeko bide bat». Bestelako irtenbideak ez direla «errealak» esan zuen, ez dagoela Palestinarentzat beste aterabiderik: «Palestinarrek ez dugu onartuko betiko errefuxiatu izatea, ez dugu onartuko garena ahaztea, ez dugu onartuko harresi artean itxita bizi behar izatea, kutsatutako ura edaten jarraitzea, edo elikagai nahikorik ez edukitzea. Hori ez da irtenbide bat. Irtenbide politikoaz hitz egitea, itzultzeko eskubideaz hitz egin gabe, Palestinako preso politikoen askatasunaz hitz egin gabe, lurrak itzultzeaz hitz egin gabe… agenda faltsua da, Israelekin aliantza da».
Esaldi bakarrera bildu zuen Alik Palestinan bizi duten egoeraren esentzia: «Arazoa sortzen dugunean existitzen gara, eta erresistentzia garenean bizirauten dugu. Ez dugu beste aukerarik, borrokatzen jarraituko dugu».