Mendelu auzoaren biziberritzea lantzeko bilera egin dute Eusko Jaurlaritzan
Igor Enparan alkatea eta Estitxu Urtizberea alkateordea Lakuan izan dira aste honetan. Alkateak bileraren gaineko balorazio baikorra egin du.
Igor Enparan alkatea eta Estitxu Urtizberea alkateordea Lakuan izan aste honetan, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuorde Miguel de los Toyosekin eta sail bereko zuzendari Ignacio de la Puertarekin bildu dira. Bilkura honetan Mendelu auzoaren biziberritzea landu dute.
Alkateak bileraren gaineko balorazio baikorra egin du: “Mendeluko biziberritze lanketa erakundeen artean landu beharra partekatu dugu. Eusko Jaurlaritzaren eta Hondarribiko Udalaren konpromisoaren eskutik urratsak ikusten hasteko esperantzarekin bukatu dugu bilera”.
Enparanek gaineratu du udal gobernuarentzat Mendeluk “konponbideak behar dituen arazo handiak” dituela, eta horretan “buru-belarri” dabiltzala lanean. “Bilera hau horren erakusle da, baita pasa den asteko Osoko Bilkuran hartu genuen erabakia ere. Gogoratu nahi dut duela gutxi arte Stanley Akademia zena erosi ahal izateko lehen urrats administratiboak eman ditugula, eta guztiok aldeko postura erakutsi genuela”, erantsi du alkateak.
Alkateak udalaren asmoak aurkeztu ditu bilera honetan. Auzoaren erdian dagoen eraikin hori erosi nahi dute, eta bertan, besteak beste, Open gela bat jarri nahi dute, auzo bulegoa izango dena. Bertan profil ezberdinetako profesionalek egingo lukete lan, izan ere, lehenik auzoaren azterketa soziodemografiko bat egin behar dela diote, baita urbanizazio eta eraikinen egoeraren diagnostiko bat ere, “esku hartzearen dimentsioa ezagutzeko, eta azkenik auzotarrekin batera aurrera egiteko estrategiak adostu”.
Datozen asteetan lanketa honetan jarraituko dute, “udalean emaitza onak izan ditzakegulako esperantzan”.