Haurrak eta gurasoak euskaraz jolasten jarriko ditu Parketarrak egitasmoak
Datozen asteotan zenbait hitzordu izango dituzte herriko haur eta gurasoek Puntaleko parkean. Egitasmo honekin "auzo eta herrietako jolasguneetan euskararen presentzia areagotu" nahi dute.
Parketarrak egitasmoa abiatu berri du Hondarribiko Mintzalagunak, hilaren 7rako, 14rako, 21erako eta 28rako jardunaldiak antolatu dituzte Puntaleko parkean. Udaleko iturrien arabera, zenbait helburu izango dituzte jardunaldiek. Batetik, parkeetan haurrak eta gurasoak euskaraz jolasten jarri nahi dituzte eta horretarako baliabideak eskaini nahi dizkiete. Horrez gain, euskararen inguruan biltzeko gune bat ere sortu nahi dute egitasmoarekin, “auzo eta herrietako jolasguneetan euskararen presentzia areagotzeko” asmoz.
Bi taldetan banatuko dituzte haurrak. Batetik, Zabu-Zibu taldean 3-5 urte bitarteko haurrak eta haien gurasoak ariko dira. Bi hezitzailek parte hartuko dute, eta jolasak egingo dituzte, “hizkuntza transmisioa familian eta aisialdian uztartuz”. Bestetik, Txirrintxon izeneko taldean 6-9 urte bitarteko haurrak izango dira jolasen protagonistak. Talde honetan gurasoek ez dute parte hartuko.
17:00etan lehen taldearen hitzordua izango da; 18:00eta berriz, bigarren taldekoen txanda helduko da.
Aurtengoa froga bat izango dela azaldu dute udaleko iturriek, eta erantzun ona jasotzen badu, gehiagotan egiteko asmoa dutela.