[Erreportajea] Oldarraldiari aurre egiteko kale aldarria
Euskararen normalizazioan eragiteko arau eta dekretuen kontrako hainbat erabaki hartu dituzte epaitegietatik. Herriz herri erantzuna jasotzen ari dira ebazpen horiek, eta bihar Bilbon nazio izaerako aldarria egingo dute.
Diskriminatzailea» zela ebatzita, 2021eko maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko hizkuntza eskakizunak bertan behera uztea erabaki zuen. Euskara ez dakitenentzat euskarako B2 maila eskatzea ez zela bidezkoa, finean. Horri helegitea jarri zion Irungo Udalak urte hartako ekainean. 2022ko irailean helegite hori ez zuen tramitera onartu Espainiako Auzitegi Gorenak. Ordutik, antzeko hainbat epai iritsi dira Hego Euskal Herriko zenbait herritako lan eskaintza edo zerbitzutan eragina izan dutenak: Laudion, Barakaldon, Erandion, Zizur Nagusian, Berriozarren, Lizarran…
Hori gutxi ez, eta sakonera handiagoko erabakia hartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak: tokiko erakundeetan (udaletan) hizkuntza ofizialen erabilera instituzional eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 dekretuaren aurkako ebazpena eman zuen. Hau da, udaletan aurrera eraman daitezkeen euskararen normalizazioaren eta sustapenaren aldeko politikak ukatu egin zituen. Arduradun politikoek kontsentsu osoz hartutako euskararen normalizazioaren aldeko arau eta dekretuak, beraz, epaitegiek etzanarazi dituzte. Euskararen kontrako oldarraldi judiziala bete-betean.
Horri guztiari erantzuteko nazio manifestaziora deitu ditu herritarrak Euskalgintzaren Kontseiluak. Bihar da martxa, Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik hasita. Deialdi zabala da, eta erantzun zabalagoa izaten ari da herriz herri. Hala izaten ari da Oarso Bidasoan ere bai. Milaka dira Bilboko kaleetan espero diren euskaltzaleak. Kezka, ezinegona eta amorrua suma daitezke, euskarak erasoa jaso duelako epaitegietatik. Oldarraldia deitu diote horri. Manifestazioaren leloa Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat da.
Aurreko egunetan oldarraldi horri herriz herri erantzuna eman diote. Ia udalerri denetan izan dira protestarako herri argazkiak. Norbanakoek, nahiz talde, elkarte edo eragile jakinek ere egin dituzte talde argazkiak. Oldarraldiak kontrako olatua izan du. Tsunami bihurtuko da bihar Bilbon.
Iritziak
Irungo Aitzondo Euskara Taldeko kideetakoa da Beñat Muguruza. Haiek eta Txingudiko badiako euskalgintzako eragileek bat egin dute euskararen kontrako ebazpenak salatzeko aldarriarekin, eta aldi berean Bilboko manifestaziorako deia egiteko. «Irunen epaitegietatik iritsitako eraso bat jaso dugu. Hitz egiten dugu hizkuntza politikaz, hizkuntza eskakizunetaz, eskubideetaz, plangintzetaz… Hitz potoloak dira, eta beharbada jendeari urrun geratzen zaizkio. Labur esan nahi dut: Euskaraz bizi nahi dut leloa ahalbidetzea da administrazio publikoaren zeregina».
Irungo kasua, epaileek hamabi udaltzainen lan poltsarako euskararen eskakizuna «diskriminatzailea» zela ebatzi zuena, gogoetarako erabili du Muguruzak: «Arrazoiketa kuriosoa egin zuen epaileak: patruila batean bi udaltzain baldin badaude, batek euskaraz jakitearekin nahikoa dela ebatzi zuen. Egunerokoan, udaltzainekin harremana egiterakoan edo arazoren bat badago, botere harremana garbia da, eta euskararen aldeko militante oso sutsua ez bazara, ez zara eztabaidan hasiko; gaztelaniara joko duzu. Hori ondoriozta daiteke epaileen iritzietatik. Nik uste epaileek behar dutela, beste alor batzuetan bezala, formazioa. Euskaraz bizitzea zer den jabetzeko formazioa behar dute. Ez dira gai ulertzeko udaltzainetatik bat erdalduna bada, jada arazo bat daukagula».
Beñat Muguruza, Aitzondo Irungo Euskara Taldea: «Epaileek euskaraz bizitzea zer den jabetzeko formazioa behar dute»
Irungo kasua ez dela isolatua azaldu du irundarrak, eta joera hori eten behar dela, areagotzeko arriskua duelako. «Ezin dira demokratikoki hartutako erabakiak epaitegietatik atzera bota. Jarrera horiek ezin dira onartu. Aurre egin behar zaie».
Auzitegietako oldarraldiak balio izan du Txingudiko euskalgintzak bat egin, eta biltzeko. Txarretik, alde ona atera dute Bidasoan. «Irungo AEK-k egin zuen autobuserako deialdia. Euskalgintzakooi pasa ziguten deialdia. Hori ikusita, esan genuen ea zergatik ez ginen biltzen. Lortu dugu batzea. Lortu dugu bide bat elkarrekin egoteko, baditugulako komunak ditugun arazoak Txingudiko herri guztietako taldeek. Behintzat bidearen zati bat elkarrekin egin dezagun».
Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria da Aitziber Arnaiz. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da udalerria. Epaitegietatik iritsi diren erabakiek, udalen hizkuntza politiketan nola eragin dezaketen gaineko gogoeta egin du. «Udalerri euskaldunetan ardura berezia dugu aurrera urratsak egin daitezen. Beste askorekin alderatuta, egoera soziolinguistiko ona dugu, eta hizkuntza politika aurrerakoiagoak martxan jartzeko aukera dugu. Horren lagungarri zen Udal Legea. Orain, eraso hauekin, ezengorkotasun handia dugu. Duela 35-40 urteko tokian jartzen gaituzte. Zerotik abiatu beharrean gaude, inongo babes legalik gabe». Herritarrek eta gizarte osoak onartuak zituzten lanerako moduak ezingo direla gauzatu azaldu du teknikariak.
Aitziber Arnaiz, Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria: «Eraso hauekin ezegonkortasun handia dugu. Duela 35-40 urteko tokian jarri gaituzte»
Horrela, biharko manifestaziorako deia egin du: «Euskaldunok gure nahiak betetzeko eskubidea eduki behar dugu, guk gure erara bizi nahi dugulako, eta eraso hauek guztiek gure erara bizitzeko aukera murrizten dutelako joan behar da bihar Bilbora».
Errenteria-Oreretan Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea egunero dabil euskaraz bizi ahal izateko baldintzak ezartzeko zereginean. Han dabil ekarpena egiten Iker Gomez. «Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, azken urteetako euskararen kontrako oldarraldi judizial indartsuena bizitzen ari garela uste dut. Horri aurre egin behar diogu. Euskararen kontrako jazarpena da. Herri jakinetako euskara irizpideen kontrako erabakiak izan dira auzitegietatik iritsi direnak, baina jarrera orokorra da».
Ezinegona sumatu du herrian Gomezek. Horren erakusle, manifestaziora atxikitzeko jaso dituzten argazkiak: «Ikusi dugu jendea asper-asper eginda dagoela eraso hauengatik. Kontrako iritzia izateaz gain, mugitzen hasi da. Horren erakusle da biharko Bilboko manifestaziorako sortu den giroa. Olatua handitzen ari da».
Iker Gomez, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea: «‘Egunkaria’ itxi zutenetik, euskararen kontrako oldarraldi indartsuena da»