"Elikadura osasuntsu batean hezten ikasteko" hitzaldiak antolatu dituzte Elikaeskolak eta udalak
Datozen hiletarako bederatzi hitzaldi antolatu dituzte elkarlanean, haur, nerabe eta helduek "beraien gorputzarekin eta elikadurarekin harreman osasuntsu bat" izan dezaten.
Hondarribiko Elikaeskola Osasun Zentroak eta udalak hitzaldi sorta interesgarria antolatu dute elkarlanean. Haur, nerabe eta helduak “elikadura osasuntsu batean heztea” helburu izango dutela aurreratu dute, “beraien gorputzarekin eta elikadurarekin harreman osasuntsu bat” izan dezaten. Kontzientziazio lan “sakon” bat egiteko asmoa dute, arriskutsuak diren jokabideak detektatu, hauengandik urrutiratu eta laguntza noiz eskatu behar den irakatsiko diete.
Elikaeskola psikologian eta nutrizio kliniko arloan espezializatutako zentroa da. Nutrizio digestiboan, psikonutrizioan eta psikologia kontsultak eskaintzeaz gainera, osasuna eta elikadura edota osasun mentalaren arloan hitzaldiak ematen dituzte.
Joan den ikasturtean lanketa berezia egin zuten Hondarribiko Ama Guadalupekoa ikastetxean. Gelaz gela joan ziren zentroko profesionalak haur eta nerabeekin lan egiteko (11 urtetik 16 urte bitartekoak). Bertan, elikadura osasuntsuaz eta gorputz aniztasunaz aritu ziren, besteak beste. “Osasun fisiko eta mentalean hezten hastea” izan zuen helburu egitasmoak. Aurten esperientzia berbera errepikatuko dute, oraingo honetan Talaian eta Egiluzen.
Ondorengoak dira datozen hiletarako antolatu dituzten hitzaldiak (denak 18:30ean izango dira):
- Hilak 22: Dietaren kultura: Gorputzarekin pozik ez egotearen negozio aberatsa, Itsas Etxean.
- Abenduak 13: Urtean behin dieta egiteak dakartzan arriskuak, Kultur Etxean.
- Urtarrilak 24: Zein da nire pisu ideala? Zenbat pisatu beharko nuke?, Kultur Etxean.
- Otsailak 21: Elikadurari eta dietei buruzko mitoak, Kultur Etxean.
- Martxoak 20: Elikadura osasuntsua, Kultur Etxean.
- Apirilak 17: Gorputz aniztasuna eta osasuna, Kultur Etxean.
- Maiatzak 15: Elikadura eta osasun mentala, Kultur Etxean.
- Ekainak 12: Dietak eta osasun intestinala, Kultur Etxean.
- Ekainak 26: Janariarekiko portaera kezkagarria nola hauteman. Zer egin eta zer ez egin, Kultur Etxean.