Euskal Herriko V. Aurresku Txapelketa Nagusia jokatuko dute Hondarribian
Igandean izango da hitzordua, Itsas Etxeko auditoriumean. 11 dantzarik parte hartuko dute, horietatik 5 Oarsoaldekoak.
Igande honetan (hilak 5) Euskal Herriko V. Aurresku Txapelketa Nagusia jokatuko dute Hondarribian. Itsas Etxeko auditoriumak jasoko du lehia, 18:30etik aurrera. Gipuzkoar erara jokatuko dute txapelketa. 15 urtetik gorako dantzariek parte hartuko dute, 11 izango dira orotara.
Bidasoak ez, baina Oarsoaldeak ordezkaritza zabala izango du Hondarribiko lehian. Garazi Zabaleta errenteriarra, Mattin Etxebeste oiartzuarra eta Endika Osa, Ane Jaunarena eta Mikel Esnaola lezoarrak bertan izango dira.
Lehenengo txandan Aurkez aurke edo Desafioa dantzatu beharko dute, ohiko jantziaz hornituta. Bigarren txandan aldiz, janzkera librea izango da, eta Betronio handia, Ehun dukat edo Graziana dantzatu beharko dute. Azkenik, Zortzikoa eskainiko dute denek.
Irabazleak trofeoa eta txapelaz gain, 400 euroko saria jasoko du. Bigarrenak 300 euro eta hirugarrenak 200 euro jasoko dituzte. Laugarren postutik seigarrenera bitarte sailkatzen direnek ere saria izango dute, 100 euroko dieta emango diete. Azkenik, lehenengo sei postuetan sailkatzen ez diren dantzariek 80 euroko dieta jasoko dute.
Sarrera doakoa izango dela jakinarazi du udalak.