Eskualdeko saneamendu sistema bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua egingo dute
Datorren hilaren 19an egingo dute Atalerrekako hondakin uren araztegira bisita, Komun ontziaren Nazioarteko Eguna probestuz. Izena eman beharko da aldez aurretik.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2023/11/d1h5vlxx4aatuqv.jpg)
Datorren hilaren 19a Komun ontziaren Nazioarteko Eguna da, eta data hori probestuz bisita gidatu berezia antolatu du igande horretarako Txinzer-ek. Atalerrekako hondakin uren araztegia bisitatuko dute herritarrek, eskualdeko saneamendu sistema bertatik bertara ezagutu dezaten bidasoarrek. Txinzer-eko iturrien arabera, “saneamendu sistema bikaina izatearen garrantzia nabarmendu” nahi dute ekintza honekin.
Hiru ordu inguruko iraupena izango du txangoak orotara. Izena emateko lotura honetara jo beharko dute interesdunek. Plaza kopurua mugatua izango dela aurreratu dute, eta izen emate hurrenkeraren arabera esleituko dituztela. Txinzer-ek doako autobus zerbitzua jarriko du bisitarientzat.
Irundarrak 10:00etan abiatuko dira Irungo Fermin Kalbeton kaleko autobus geltokitik eta hondarribiarrak berriz, Miramarreko autobus geltokitik, 10:15ean. 11:00etan hasiko dute bisita eta 12:30ean bukatzea aurreikusi dute.