Udal ordezkariek Larreaundiko lanak bisitatu zituzten
Auzoko jolastoki eta egonleku berria abian da honezkero, baita Loiolako Iñigo kaleko igogailua ere.
Joan den asteazkenean, Irungo alkate Jose Antonio Santano, Cristina Laborda Obretako ordezkari eta Auzoen ordezkari Nuria Alzaga Larreaundin egon ziren, auzo horretan egiten ari diren hainbat lanen emaitza ikuskatzeko. Besteak beste, San Frantzisko Xabier eta Txumierreka kaleen arteko jolastokian edota Loiolako Iñigo kaleko igogailu berrian egon dira. Santanok adierazi du “hobekuntza txikiak” direla horiek, baina “errotik” aldatu dutela “auzotarren eguneroko bizitza”.
Jolastoki eta egonlekua
Pandemiaren aurretik esku hartu zuen udalak Larreaundin, eta obren lehen fasea amaituta auzoak “itxura berria” duela adierazi dute udal ordezkariek: jolasokiko egonlekuaz gain, eskailerak eta arrapala txiki batzuk eraiki dituzte inguruan. Parkean iturriak eta argiztapenerako luminaria berriak jarri dituzte. Parkea dekoratzeko, bada, Juncal Alfonso artistak murala egin du, natuarren errespetua eta zaintza irudikatzen duena.
Orotara, lanen aurrekontua 374.773 eurokoa izan da, eta lana egiteko epea bost hilabetez luzatu dute. Construcciones Otegui-Gaztañaga SLri esleitu diote ardura.
Igogailua
Irisgarritasunari heldu diote bestetik. Izan ere, Loiolako Iñigo kaleko igogailu berriak inguruko bizilagunek bide publikotik atarietara heltzeko zailtasunei erantzuten die. Igogailu berriak 1., 3., 5., eta 7. atarietara sarbidea erraztu du. Bizilagun talde horrek laguntzak esaktu zituen instalazioa finantzatzeko. Izan ere, neurri horrek bakarrik aurrekontuaren % 60a balio izan du, 100.000 euroko mugarekin.