Osoko bilkuran, alokairu soziala eta aparkalekuak eztabaidagai
Atzo arratsaldez elkartu ziren udal ordezkariak, urriko osoko bilkura egiteko. Garbiketa zerbitzuak edo kredituen xede aldaketak ere landu zituzten.
Atzo arratsaldean urriko osoko bilkura egin zuten udaletxean. 19 puntu jorratu zituzten, eta horien artean bi nabarmendu ziren. Batetik, herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera bideratzeko lanak hastea; eta bestetik, herriko aparkalekuen gaineko birplanteamendu eta diseinu integrala gauzatzea. Hortaz gain, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera udal langileen soldata % 3an igotzea onartu zuten ere.
Etxebizitza hutsei dagokienean, horiek alokairu sozialera bideratzeko proposamena lau alderdiek babestu zuten. Diagnostiko erreala egitea proposatu zen, eta etxebizitza huts horien jabeei informazio eta akonpainamenduak erraztea, behar izan ezkero gainontzeko erakundeekin elkarlanean, betiere. Herriko aparkalekuen inguruko azterketa egiteko mozioak ere lau alderdien babesa jaso zuen. Horretarako, 2024ko aurrekontuetan beharrezko baliabideak eskainiko dizkiote.
Bestela, hona hemen osoko bilkuran jorratu ziren beste hainbat gai:
- Txingudi Ikastolako obrak direla eta, erainkuntaz, instalazio eta obren gaineko zergaren % 95eko hobaria aplikatzeko, interes orokorreko obra aitortuko dute.
- Ikastetxe eta udal eraikinak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzuaren kontratua urte betez luzatuko da. 2024ean zehar lizitazio berri bat egiteko beharra mahai gaineratu zuten.
- Kredituen xedea aldatzeko proposamen bat onartu zen. Mendelu auzoak dituen gabeziei aurre egiteko aurrekontuetako diru kopuru bat Stanley Academia eraikina erostera bideratuko dute. Alderdi guztiak alde bozkatu zuten.
- PSE-EEren udal taldeak diktadurak kargutik kendutako udal funtzionarioak aitortzeko proposamena aurrera atera zen. EAJk alde, ABOTSANITZek abstentzioa, eta EH Bilduk aurka egin zuten.
- Urriaren 31 Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimak oroitu eta omentzeko eguna izendatuko dute. PSE-EE eta EAJk alde bozkatu zen, ABOTSANITZ abstenitu egin zen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.