Ibaiaren bazterreko pasealekuaren balorazioa egin du EAJk
Ilusioz hartu ditu udal taldeak oinezko eta txirrindularientzako espazioa zabaltzea, edo aparkaleku berria eraikitzea.
EAJk ilusioz hartu du Irun, Hondarribia eta Hendaia Bidasoa eta Plaiaundiren albotik lotuko dituen pasealekuaren lanak datozen asteotan hasiko direla. Orain hamar urte, Eusko Jaurlaritzarekin lehen harremanak abiatu zituen irungo dual taldeak, Bidasoa ibaiaren inguruan “oinezko eta txirrindularien erosotasunerako pasealeku bat beharrezkoa zela” azaltzeko. Oroitu dute proposamena onartu zuela Eusko Jaurlaritzak, eta proposamena garatzeko konpromezua hartu zuela.
Jeltzaleen arabera, proposamenak hainbat auzoren arteko lotura hobetzen du, eta kirolariei erdigunetik ez igarotzeko beste alternatiba bat eskainiko die. San Lorenzo urmaela, eta Plaiaundi institututik Mendelu-Amutera arteko ibilbidea lotuko du pasealeku berriak. Urmael ingurua zabaltzeak Plaiaundiko parke ekologikoa ere handitzea ekarriko duela azpimarratu dute.
Hortaz guztiaz gain, Pierre Lotitik Santiagotarrak elkartearen instalazioetaraino obrak egiteko baimena esleitu du Eusko Jaurlaritzak. Hori horrela, parke bat eta 30 plaza izango dituen aparkalekua sortuko dituzte.