Ontzi berria du Hondarribia Itsaskari Baitak
Hondarribiko Udalaren laguntza izan du klub nautikoak ontzi berria erosteko. 'Batallau' izena jarri diote.
Hondarribia Itsaskari Baita klub nautikoak ontzi berria du, Batallau izenekoa. Hondarribiko Udalaren diru laguntzaren bidez egin ahal izan da inbertsioa. Hala, klubak bere zereginetarako ontzi egokiago bat izango du. Atzo aurkeztu zuten itsasoko ibilgailua Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzi Lupe Queirugak, eta Itsaskari Baitako Xabier Mendigurenek (presidentea), Pello Olazabalek (presidenteordea) eta Tomas Sanchezek (komodoa).
Batallau. Hala deitzen diote Hondarribiko arrantzaleek Aiako Harriari. Udalak jakinarazi duenez, mapa zahar batean inguru hori Batallera izenarekin ageri zen, han izandako bataila batengatik. “Hala, Aiako harria batailaren mendia da, eta adineko arrantzaleek Batallau deitu izan diote inguruari. Horregatik hautatu du elkarteak izen hori ontziarentzat”, zehaztu dute udaletik.