[Elkarrizketa] 'Pasiorik gabe ez nintzateke baserrian egongo'
Bizikleta baserriko aitzurra eta goldearengatik aldatu ditu azken urte honetan hondarribiarrak. Atsedena hartu du, baserrian buru-belarri baitabil, baina lehiara itzultzeko irrikaz dela aitortu du.
Azkenaldian ez zaitugu lehian ikusi. Atsedena hartu duzu?
Aurreko urtean lehian nenbilen. Azkeneko lasterketa 2022 bukaeran izan nuen, Abu Dhabin [Arabiar Emirerri Batuak] jokatutako Munduko Txapelketan. Iaz, gainera, aita izan nintzen. Haurra hemen zegoen eta ni atzerrian eta konplikatua izan zen. Handik bueltan Espainiako selekzioarekin entrenamenduak egin ditut, eta egonaldi batzuetan ere izan naiz, baina lehiarik ez, ia urtebete ez dudala lehiarik. Denek galdetzen didate ea kirola utzi dudan, baina ez. Atsedentxoa hartuko dut, haurra pixka bat koskortu arte eta baserriko lana hobeto antolatu arte.
Denbora falta da arrazoia, beraz.
Hori da. Kanpoko lana, baserrikoa eta entrenamenduak eta lehiak elkartzen zaizkit. Hondarribiko golfean mantenu lanak egiten ditut lorezain gisa goizean, eguneko soldata hori irabazi behar dudalako, beharrezkoa dudalako. Lanetik atera eta banoa baserrira. Eta ondorioz, entrenatzeko ia tarterik ez dut. Baserrian azkeneko urte hauetan pixka bat lan karga handitu dut, gustura nabilelako eta etorkizunean horretan jardun nahiko nukeelako, eta orduan ordu horiek bizikletari kendu dizkiot, hortik etorri da atsedentxo hori. Lan karga handia dut gaur egun. Baina datorren urteari begira berriz ere lehian hasteko asmoa dut, oraindik grina hori sentitzen dudalako. Ikusiko dugu zein puntura arte izango den posible ala ez.
Lehia bai, baina bizikleta ere utzi duzu?
Egia esango dizut: egon naiz lau hilabetez bizikleta ukitu gabe. Lesioak izan ditudanean beti deskonektatu dut ehuneko ehunean kiroletik eta orain antzeko zerbait pasa zait. Lanak behartuta lau hilabetez ez dut bizikleta ukitu, baina azkeneko asteetan bai hartu dudala.
Eta, etenaldi luze honen ondoren, nola ikusi duzu zure burua bizikleta gainean?
Fisikoki bai nabaritzen dudala lehengo gaitasunak ez ditudala, baina gehien pozten nauena da entrenatzera joan eta bizikleta hartzerakoan ditudan sentsazio horiek atzo goizean entrenatu izan banu bezalakoak direla. Distantziak motzagoak edo baxuagoak dira. Lehen 1,45 metro igotzen banuen orain metro eta gutxi igotzen dut, baina sentsazio horiek bizikletarekiko dira atzo goizean entrenatu izan banu bezala. Ez da ahazten.
Etxeko bitrina dominaz beteta duzu, ibilbide oparoa izan duzu. Atzera begirada botata, nolako balorazioa egiten duzu?
Beti esaten den bezala, baloratu, gehiago baloratzen dut orain momentuan baino. Azkenean, lehian zabiltzanean helburua aurrean egotea da, ongi entrenatzea, ongi lehiatzea, ongi pasatzea, eta beno, gurpil zoro horretan sartuta zaudenean lorpen edo garaipen horiek lortzea, kakotxen artean, normala edo egunerokoaren parte da. Orain etxeko bitrinak edo orduko argazkiak ikusten ditudanean esaten duzu: «Jo, egindakoa ez da gutxi izan eta badauka bere meritua». Pozik nago.
«Datorren urtean lehiara itzultzeko asmoa dut, oraindik grina hori sentitzen dudalako»
Beraz, asebeteta egindako ibilbidearekin?
Bai, zalantzarik gabe. Maila gorenean munduko txapelketa irabaztea nire karrerari horrelako tope edo ginga bat jartzea izan zen. Europako txapelketa irabazi izana ere ikaragarria izan zen niretzako. Asebeteta, bai dominengatik, baita egindako lanagatik eta ingurukoek egin duten lan guztiagatik.
Faltan botatzen duzu lehia?
Bai, gogoz nago. Oraindik grina sortzen dit lehiak, hori ikusiko ez banu ziur ez nukeela jarraitzeko asmorik izango. Kanpotik ikusten dudanean, lasterketak ikusten ditudanean, gauza asko sentitzen ditut barruan, eta grina hori pizteak zerbait esan nahi du. Orain kirolaz gozatu nahi dut, baina familiaz gozatzea ahaztu gabe. Faltan botatzen dut lehia. Kirolari asko daude lehia gustatzen ez zaiena, eta nirea justu kontrakoa da. Entrenatzea gustuko dut, bizikletan ibiltzea gustuko dut, baina gehien gustuko dudana lehiatzea da. Buruari jartzen diozun presio hori eta lasterketak sortzen dizkidan sentsazioak eta adrenalina hori maite ditut, faltan botatzen ditut.
Ez da oso ohikoa jende gaztea ikustea lanean baserrian. Zainetan daramazu hori, ezta?
Jaio nintzenetik ezagutu dut baserria, badakit txikitatik baserriak eskatzen dituen esfortzuak eta betidanik izan ditugu animaliak, betidanik ibili gara hemen. Aitona hasi zen behiak eta txahalak zaintzen eta gero amak hartu zuen aitonaren erreleboa eta ama eta biok ordutik hemen gabiltza buru belarri. Egia da oso arraroa dela gaur egun baserri munduan jardun nahi duen gazte bat aurkitzea. Batetik, fisikoki exijentzia handia eskatzen duelako, eta bestetik, egiten duzun lan guzti hori azkenean ekonomikoki ez delako behar bezala bueltatzen edo behar bezala errekonozitzen. Hau azkenean kirola bezala da, gustukoa baduzu eta odolean badaramazu, eta eguneroko horrek betetzen bazaitu, aurrera. Bestela, oso-oso konplikatua da.
«Hemen ez dago oporrik. Beti dago zerbait egiteko baserrian»
Nolakoa da baserritar baten bizitza? Egun bat deskriba zenezake?
Azkeneko urteetan lan egiteko modua aldatu dugu. Aitonak behiak eta txahalak zaintzen zituenetik asko aldatu ditugu prozesuak. Grina sortzen didalako batetik, eta nire ustez gauzak horrela izan beharko luketeelako bestetik, buelta bat eman diot baserriari. Baserriko eta kanpoko lurrak lantzen hasi naiz, behien eta txahalen gizentze prozesurako ahalik eta janari gehien ekoitzi ahal izateko, autosufizientzia bat bilatzeko bide horretan. Horrek sortzen dit lan gehien. Goizeko 06:00etan sartzen naiz lanera, orduan, 04:45ean jotzen du alarmak. Golfera joan aurretik baserriko animalia guztiak ongi daudela egiaztatzen dut, eta ondoren jardunaldi normala egiten dut 13:00ak arte. Bazkaldu eta baserrian hasten naiz, arratsalde osoa pasatzen dut bertan. Udan badaude egunak 23:00etan oraindik traktorearekin belarretan gabiltzala. Bestela, jardunaldi normal batean arratsaldeko 20:00etarako bukatuko genuke.
24 orduko lanbidea da baserritarra izatea, ezta?
Hala da, bai. Nik beti alderatzen dut enpresa bateko lanarekin. Enpresa batean lan egiten duzunean stockeko materiala apalean utzi dezakezu, hurrengo egunean jarraitzeko. Baina baserriko stock horrek zaintza bereziak eskatzen ditu, urteko 365 egunetan eta 24 orduetan. Ez dago oporrik, edo oporraldiak oso motzak izaten dira. Beti badago zerbait baserrian.
Baserritarra zarela esaten duzunean, zer dio jendeak, harrituta geratzen dira?
Gaur egun jende askori ez zaio horren arraroa egiten eta nire helburu nagusietako bat hori da, baserrietan egiten duguna ezagutaraztea. Sare sozialen bitartez gure egunerokoa kontatzen dut. Baserriko mundua beti izan da gutxi ikusia edo gutxi baloratua, eta sare sozialen bidez herritarrengandik hurbilago gaude. Eta egia da gero eta jende gehiagok lan hori harridurarekin ikusten duela, baloratzen duela. Beti izan gara pitin bat ahaztuak, eta leiho ona izaten ari dira sare sozialak horri bira emateko. Horrela jendeak ikusten du beraien plateretara iristen den okela zati horrek zer nolako lana duen atzetik, urte luzeko prozesua dagoela.
Dirudien bezain gogorra al da baserria?
Bai, dirudien bezain gogorra da. Oso gustuko duzun ofizio bat da edo oso zaila da lanbideari eustea. Jende askori esan ohi izan diot: «Zainetan daramazun zerbait da, edo gustuko duzun lanbidea da, edo bestela ahaztu zaitez». Adi egon behar duzu 24 orduz, eguraldiaren menpe gaude, faktore asko eduki behar dituzu alde. Pasioa da niretzako. Pasiorik ez balego ez nintzateke egongo nagoen lekuan eta egun Mugarrietan lan egiten dugun moduan.
«Baserritarren lana baloratzea nahi dut; guk ematen dugu kalitatea»
Baserriak etorkizuna bermatuta al du?
Azken urteotan ikusi dugu lur eremuak gutxitzen joan direla. Lehen Hondarribian hogei bat baserri zenbatu nitzakeen abeltzainak zirenak eta orain esku bakar batekin zenbatzen ditut. Ez dago belaunaldi erreleborik, lan sufritua da eta lehen sektorea ez da erakargarria nire moduko gazteentzako. Egoera zaila da.
Eta zer behar duzue baserritarrek, etorkizun hori bermatuta egon dadin?
Burokratikoki zailtasun eta traba asko jartzen dizkigute. Nire kasuan, amak errelebo generazionalik izan ez balu, gure baserria ere desagertuko litzateke. Zergatik? Burokratikoki gero eta gehiago exijitzen digutelako, eta asko nazkatu egiten dira horrekin, traba horiekin guztiekin. Gero eta zailagoa da esplotazio bat aurrera eramatea. Baserritarrek eskatzen duguna hori da, eta ez beti leporatzen zaiguna: diru-laguntzeatik bizi garela. Bizi ez, baina mantendu bai, eta horrek ez luke hala izan beharko. Nahi dudana da nire lana baloratzea, nire lan orduak beste edozein lantegietan bezala kontatzea eta produktu final horri behar duen balioa ezartzea eta ez supermerkatuek ezartzen dutena. Finean, produktua nik sortzen dut eta nik jarri beharko nioke produktu horri prezioa eta ez alderantziz. Banatzaileek jartzen dituzte prezioak, eta baserritarrak gara izorratzen garenak. Azkenean, gu gara kalitatea eskaintzen dugunak. Etxe azpiko harategian eros dezakezun okela horrek ez du zerikusirik supermerkatukoarekin, eta horri balioa eman behar zaio.
Zergatik babestu baserriko mundua?
Osasunari asko begiratzen diot, eta tokian tokiko elikagai eta haragi edo arraina jatea funtsezkoa da, eta ez bakarrik osasunarentzako. Bestetik, guztiok gozatzen dugu mendira joatean, larreak eta mendiak garbi eta zainduta ikustearekin. Hori ez da haizearen lana, gure, baserritarren, lanaren ondorio da. Ingurumena zaintzen dugu finean, paisaiak zaintzen ditugu, eta gure lana ezinbestekoa da, baserri barru zein kanpoan.