Azaroaren 1aren harira, trafiko aldaketak
Domu Santu Eguna dela eta, Blaia inguruan murrizketak egingo ditu udaltzaingoak. Hilerrira irisgarritasuna garraio publiko bidez indartuko dute, ordea.

Udaltzaingoak adierazi duenaren arabera, datorren asteazkenera begira (azaroaren 1a, Domu Santu Eguna) udal hilerriaren inguruko zirkulazioa moldatuko dute. Izan ere, bihartik aurrera, asteartera arte trafiko murrizketak egingo dituzte, hilerrira heltzen diren ibilgailu kopuruaren arabera. Buxadurak ekiditeko, trafikoa gehiegizkoa bada hainbat ibilgailuk hilerrira ezin izango dutela heldu adierazi dute. Azaroaren 1ean, bestela, Blaia ibilbidea itxita egongo da, eta ibilgailuek GI-636 errepidetik, Arenas Carrilloko bidegurutzetik eta Teodoro Murua kaletik heldu beharko dute. Udaltzaingoak ohartarazi du egun osoan zehar hilerriko ate nagusiaren pareko aparkalekuan autoa uztea debekatuta egongo dela.
Autobus zerbitzu berezia
Hori guztia dela eta, udaltzaingoak herritarrei garraio publikoa erabiltzeko gomendatu die. Asteazkenean, izan ere, Blaiarako sarbidea duen 3. lineaz gain, udalak hiri autobus zerbitzu berezia eskainiko du, hilerria Hondarribia kaleko Gurutze Gorriarekin lotuko duena. Hiriko kale nagusietatik igaroko da autobusa. Bi noranzkoetan, hogei minutu eta ordu erdi arteko maiztasunarekin abiatuko dira autobusak, goizeko 09:00tan hasi eta arratsaldeko 18:30ean bukatuta.