2024ko aurrekontuak "inklusiboak" izan daitezen, 44 proposamen egin ditu PSE-EEk
Ia 10 milioi euroko balioa duten 44 proposamen aurkeztuko dituzte osteguneko plenoan, "Hondarribiaren hobekuntzan aurrera egite aldera".
Datorren osteguneko (hilak 27) plenora zenbait proposamen eramango ditu Hondarribiko PSE-EE taldeak. Bertan eztabaidatuko den udalerriko aurrekontu proiektuari zenbait “hobekuntza” aurkeztu dizkiote, “Hondarribiaren hobekuntzan aurrera egite aldera”. Orotara 44 proposamen aurkeztu dituzte, ia 10 milioi euroko inguruko balioa dutenak.
Lehenik eta behin, sozialistek orain dela 16 urte baino gehiagotik aldarrikatu duen proiektu bat aurkeztu dute, “mugikortasuna hobetuko” duena: hiri barruko autobus bat jartzea. Noemi Odriozola bozeramailearen arabera, “behar-beharrezko” proiektu honetarako 500.00 euroko partida zabaltzea proposatu dute. Atal honetan ere “udalerriaren premiekin bat datorren azpiegitura finkatzea” lehenetsi nahi dute, eta “Muliaten beste gizarte zerbitzu batzuk antolatzeko eta osatzeko aukera emango duen gune bat eraikitzea” proposatu dute (1.000.000 euroko partidarekin). Azkenik, beste bi igogailu martxan jartzea ere bultzatuko dute sozialistek: Solbesen eta Santiago kalean hain zuzen.
Mendeluko “errekuperazioa finkatzera” 3 milioi euro bideratzea ere proposatu dute, batik bat, “urte askoan birgaitu ez diren etxebizitzak birgaitzeko”. Horretarako Jaurlaritzaren eta aldundiarekin lankidetza bilatzearen alde egin du PSE-EEk.
Etxebizitzaren atalean, “udalerrian alokairu arazoei aurre egingo dien udal sozietate bat eratzea” proposatu dute, “Hondarribian dagoen arazo handienetako bat baita. Une honetan udalerrian dagoen eskaera ez da nahikoa bizitza proiektua hirian izan nahi duten gazteentzat eta gainerakoentzat”. Sozietate honek alokairuko etxebizitzak zein etxebizitza tasatuak eraiki daitezen proposatu dute, HAPOren etxebizitza publikoa eraikitzeari buruzko proposamenetan planteatu den bezala. Atal honetan Muliaten eraikin bat egiteko Plan Berezi bat sortzea proposatu dute, Jaurlaritzarekin lankidetzan. Hala, zuzkidura etxebizitzak sortuko lirateke.
Aparkalekua ere “lehentasuneko gaia” da sozialistentzat, gai horretan “atzerapen handia” baitagoela diote, kezkati. Horregatik, Javier Ugarte partean aparkaleku bat sortzea aintzat hartuko duen Plan Berezi bat abian jartzea planteatu dute. Horretarako 200.000 euro bideratu nahi dituzte, eta haien helburua legealdi bakoitzean aparkaleku bat egitea da.
Gizarte zerbitzuen gainean ere aritu dira taldekoak. Aurreko mailei “eusteaz” gainera, partida batzuk “gehitzea” proposatu dute, baita zuzenean alokairuak ordaintzeko laguntzetarako bideratuko diren beste partida batzuk sortzea ere. Horretarako baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsona guztiei laguntzak emateko “beste araudi bat” egin nahi dute, “Eusko Jaurlaritzaren laguntzak osa ditzan”. 758.150 euro jartzea proposatu dute.
Odriozolak erantsi duenez, haien proposamena beste zenbait egitasmoarekin osatu dute, hala nola, udalaren artxiboak digitalizazioarekin hobetzeko partidak, memoria historikorako laguntzak, saltokietan erabiltzeko bonu bideko laguntzak edota enplegurako laguntzak, besteak beste. “Gure aurrekontu proposamenak egiteko garaian, egungo gobernu taldearen dokumentu bat izatea gustatuko zitzaigun, baita sailen eta haien proposamenen informazioa ere, baina ezinezkoa izan da. Edonola ere, horiek dira 2024. urteko aurrekontuak egiteko Ogasun Batzordean aurkeztuko ditugun proposamenak”, erantsi du taldeko bozeramaileak.