Beñat Elzoren omenezko mendi lasterketarako, dena prest
Aurten ere zientoka lagunek 2013an zendutako Beñat Elzo kirolari gaztea omenduko dute. Hiru proba egingo dituzte, adin eta maila guztientzako.
2013an zendutako Beñat Elzo hondarribiar gaztearen omenezko lasterketa egingo dute datorren azaroaren 1ean (asteazkena da). Gaur eman dute zortzigarren edizioaren berri Lupe Queiruga Kirol zinegotziak, Oskar Lasak antolatzaileen izenean eta Juanan Garcia Sport Mundiko ordezkariak.
“Udalaren izenean babes osoa erakutsi nahi diogu proba honi. Ez da kirol proba bat soilik, enpatia, solidaritatea eta elkarlana mahai gainean jartzen baitira. Eskerrak eman nahi dizkiogu ere Sport Mundiri, ekintzari babesa ematen dioten erakunde publiko eta pribatuei, eta nola ez, lasterketan laguntzen duten boluntario guztiei”, esan du Queirugak.
Azken urteetan bezalaxe, hiru proba egingo dituzte: oinezko ibilbidea (9:00) batetik, jende guztiari begirakoa izango dena; mendi lasterketa (11:00); eta familientzako lasterketa (12:30). Lehen biek Higer itsasargian izango dute helmuga, asfaltoz eta pistaz betetako 10 kilometroko bidea egin beharko dute partaideek. Familiena berriz, 1,5 kilometroko luzera izango du, portu inguruan egingo dute.
Urtero egitasmo solidario bati laguntzeko joera du Beñat Elzo lasterketak, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Angelman Sindromearen Elkarteak (ASE) jasoko du bildutako dirua aurten. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, nahaste neurologiko larria da Angelmanen sindromea, jatorri genetikoa duena.
Antolatzaileek aurten ere 1.300 laguneko langa gainditzea espero dute, “festa handi” bat izango dela aurreratu dute.