Ur eta zabor tasen igoerak arbuiatu ditu Elkarrekin Podemosek
2024ean Txingudiko Zerbitzuakek % 10era arte garestituko ditu zabor tasak, eta % 7,5ean urarena. Horien aurrean, zerga birbanatzaileen beharra aldarrikatu du David Nuñok.
Txingudiko Zerbitzuaken Mankomunitateko Batzarrak onartu berri du 2024rako uraren eta zabor bilketaren udal tasak igotzea. Zaborraren tasak % 5a garestituko dituzte, edukiontzi marroia erabiltzeko alta duten etxebizitzetan; gainontzekoei % 10ean garestituko diete tasa. Urari dagokionean, gainera, % 7,5eko igoera orokorra ezarri dute.
Egoera horren aurrean, David Nuño Elkarrekin Podemos udal taldearen bozeramaileak salatu du “igoera bidegabea” dela, are eta kostu handiagoa suposatuko baitie azken hilabeteotan eros ahalmena galdu duten familiei. Erosketak egiteko, hipoteka eta fakturak ordaintzeko, edota gordailua betetzeko zailtasunak izan ditu ahotan udal bozeramaileak, eta horrelako egoeren aurrean politika aurrerakoi eta birbanatzaileak lehenetsi behar direla adierazi: “zerga-kargak nahikoa dira ahalegin fiskal handiagoa nork egin behar duen mugatzeko. Ezin diogu gutxien ordaindu behar duenari gehiago daukanak adina eskatu”. Bide horretan, talde moreak arreta enpresa handi eta 50.000 eurotik gorako errenta gordina duten banakoengan jarri du arreta.
Bestela ere, bozermaileak nabarmendu nahi izan du diru sarrera nahikorik ez duten pertsonentzako hobariak berrikusi behar direla. Izan ere, DSBEa jasotzen duten pertsonak baino ez ditu kontuan hartzen indarrean dagoen araudiak, baina langile askok hilaren amaierara iristeko zailtasunak izan ohi dituzte, kopuru hori baino zertxobait gehiago kobratu arren.