[Erreportajea] Axoari merezi duen tokia egin nahi diote herriko sukaldeetan
Axoa Lehiaketaren laugarren edizioa jokatuko dute datorren azaroaren 4an, Goxoki elkartearen egitasmoz. Juan Jose Lapitz kritiko gastronomikoa omenduko du jaki tipiko onena aukeratzeko lehiak.
Sukaldean trebeak izan ala ez, gastronomiaren zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute datorren azaroaren 4an herrian. Goxoki elkarte gastronomikoak Axoa Lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du egun horretarako. Labanak zorrozten hasi dira jada elkarteko kideak, laugarren ediziorako dena prest dutela kontatu diote Hitza-ri elkarteko Fernando Arbelaizek eta Iñaki Jauregik. Gogotsu dira lehiarekin, eta nola ez, plater tipiko horrekin gozatzeko irrikan.
Aurreko hiru edizioak bezalaxe, aurtengoa ere 2017an zendutako Juan Jose Lapitz kritiko gastronomikoa omentzeko baliatuko dute, axoaren sustatzaile nagusietako bat izan baitzen hondarribiarra. «Lapitzek asko eman zion herriari. Hondarribiko jaki tipikoen inguruko lanak egin zituen, arrantzaleen ohiturak ere ikertu zituen… Herriarekin lotura handia zuen», azaldu du Arbelaizek.
Baina, zer da axoa? Arbelaizen arabera, eta bitxia badirudi ere, arrantzaleek arrairik gabe kozinatu ohi duten otordua da. «Kuriosoa dirudi, baina kofradian egiten zuten haragi plater bat da. Patroiak hamaiketako bezala kozinatzen zuen haragi hori, asteko jornala puskatzen edo banatzen zuten bitartean. Gaur egun ere hori egiteko ohitura dute arrantzale batzuk», azaldu du Jauregik.
Historia oso luzea du plater horrek, hori erantsi du Arbelaizek: «Nik txiki-txikitatik jan dut etxean, pentsa!». Jauregik ere aitortu du oraindik etxe askotan kozinatzen dela axoa, baina pixkanaka «galtzen» ari dela ohitura hori. «Herriko historiaren zati bat da axoa, herriko ondarearen zati bat. Horregatik errezeta eta atzetik dagoen historia hori berrindartu nahi dugu», adierazi du.
Bikoteak azaldu du txahal edo behi haragia erabili ohi izan dela axoa egiteko. Horrez gain, tipula, piper morroia eta tomatea dira osagai nagusiak. Arbelaizek aipatu du ez dela batere zaila kozinatzea, «edonork» egin dezakeela nabarmendu du. Gakoa, sukalde guztietan bezala, jartzen den «maitasunean» dagoela argi du bikoteak.
Sukaldari bila
Arrantzale auzoko plazan izango da azaroaren 4ko lehia. Elkarte partaideek euren mahaia, kazola eta beharrezkoak diren tresnak eraman beharko dituzte, baita osagaiak ere. Haragia, berriz, antolatzaileek jarriko dute. 11:00etan hasiko dira kozinatzen, eta 13:30ean irabazleen berri emango dute.
Lehian parte hartzeko interesa dutenek 609 88 34 81 telefono zenbakira deitu beharko dute, igandea (hilak 29) baino lehen.
Entrenatzen hasi nahi dutenek lotura honetan errezeta eta kozinatzeko modua kontsulta ditzakete.