Gizon bat espetxeratu dute, urruntze agindua behin eta berriz urratzeagatik
45 urteko gizonezko bat atxilotu zuten joan den asteartean Hondarribian. Segurtasun Sailaren arabera, azken bi hiletan bost bider urratu du agindua.
Segurtasun Sailak jakinarazi berri duenez, 45 urteko gizon bat espetxeratu dute Hondarribian, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua behin eta berriz urratzeagatik. Azken bi hiletan bost bider urratu du agindu hori, eta guztietan atxilotu dute, joan den asteartean (hilak 10) azkenekoz. Agintari judizialen esku utzi ondoren, espetxeratzeko agindua eman zuten asteazkenean.
2023ko abuztuan biktimak erasotzailearen (haren bikotekide ohia) kontrako salaketa jarri zuen Irungo Ertzain etxean, Hondarribiko etxebizitza batean gertatutako indarkeria matxista delitu batengatik. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen eta gerora Irungo epaitegiek biktimarengandik urruntzeko agindu bat eman zuten. Ordutik, etengabe urratu du agindu hori espetxeratutako gizonak, esan bezala, bost aldiz.