Energia aurrezten ikasteko tailerra eskainiko diete hondarribiarrei
Energia eta dirua aurrezteko gakoak eman eta ohitura aldaketak azalduko dituzte Energia Argitu programako adituek.
Energia aurrezteko tailerrak egingo dituzte aste honetan hasita. Aldundiak eta Hondarribiko Udalak tailer interesgarria antolatu dute datorren hilaren 19rako (osteguna da), Energia Argitu programaren barruan. Tailerrean, antolatzaileen arabera, “modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak” eskainiko dituzte adituek. Kultur Etxeko 103 gelan bilduko dira, 18:30ean.
Tailer honetan norberak etxean ezarri ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dituzte eta energia aurrezteko ohitura aldaketak ere aipatuko dituzte. Gida bat emango diete partaide guztiei, eta honetan “modu erraz eta ulergarrian” azalduko diete energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren zenbait aholku.
Hilaren 16a (astelehena da) izango da izena emateko azken eguna, helbide honetara idatziz edo 628 53 03 03 telefono zenbakira deituta. Informazio gehiago webgune honetan kontsulta daiteke.

