Marlaxka, Gipuzkoako txapeldunorde 'tximista' modalitatean
Larunbat arratsaldean 12 talde elkartu ziren Irunen. Elkarte hondarribiarraren ordezkaritzak bederatzi partida irabazi zituen, hamaikatik.
Larunbat arratsaldean Irungo Palmera Montero gunean xakeko Gipuzkoako Tximista Txapelketa egin zuten. Bertan aritu zen Marlaxka elkarteko ordezkaritza, eta emaitza onak lortu zituen. Laukotea Patxi Moreno, German Herrera, eta Iker eta Ander Tafallek osatu zuten. Izan ere, 3+2ko erritmo bizkorrean eta lau taulako taldeekin jokatu zuten txapelketa.
Juan Maria Santos izan zen epailea, eta 12 talde aritu ziren. Hala, lehiatutako hamaika partidetatik bederatzi irabazi zituen Marlaxkak, eta bi galdu besterik ez. Horrela, Gipuzkoako txapeldunorde izatea lortu dute hondarribiarrek, aurretik faborito nagusia zen Gros A taldea izan zutelarik. Gainera, elkarteak Iker Tafallen lana nabarmendu du. Izan ere, hark bere laugarren mahaian hamaika norgehiagokak irabazi zituen.
Gipuzkoako Tximista Txapelketako podiuma Gros B taldeak osatu zuen.