[Elkarrizketa] «Denok egon beharko dugu prest zerbait emateko»
Gaur entregatuko dute uztailean «alardearen konponbidearen alde» abiatu zuten sinadura bilketaren emaitza.
Keinuen alardea izan da aurtengoa. Nolako balorazioa egiten duzue?
Telmo Sagartzazu: Egia da keinuak eta aurrerapausoak izan direla, baina keinuak zentzu guztietan egon dira, eta guztiak ez dira positiboak izan. Banderaren afera hori hor egon da. Gure ikuspuntutik oso adierazgarria da, adierazten baitu alardearekin egiten ari diren berdina egin dutela herriko banderarekin. Hau da, ezin da guztiona den zerbait, guztiona den sinbolo bat, batzuena bakarrik bilakatu.
Sinadura bilketa abiatu zenuten uztailean, «alardearen gatazkaren konponbidearen alde». Zergatik ikusi duzue beharra pauso hori emateko?
Iker de La Linde: Udaletxeak hitzetatik ekintzetara pasatzeko zerbait bultzatu dezan ekin genion honi, behar bat zegoela ikusi genuelako. Ulertzen genuen ideia ona zela udalak mahai-inguru hori sortzea, edo gutxienez, pauso batzuk areagotzea, beste martxa bat hartzeko.
Sagartzazu: Eta nolabait adierazi, pixkanaka alardearen gaiarekiko pentsatzeko moduak aldatzen ari direla edo malgutzen ari direla nolabait, eta elkarren artean hitz egiteko gero eta aukera gehiago zabaltzen ari direla. Hori hala dela erakusteko modu bat da. Herrian badagoela kontsentsu minimo bat, nahiko zabala esango genuke.
Zer aldarrikatu nahi izan duzue prozesu honekin?
Sagartzazu: Beti asko kritikatu diguten zerbait da guk inposatu nahi dugula konponbide bat, gurea, bakarra. Eta guk ez dugu horrela ulertzen. Pentsatzen dugu guk ez dugula konponbidea mahai gainean jarriko. Guk ez dakigu zein den konponbidea, eta hori bakarrik etor daiteke ezberdin pentsatzen dutenen arteko elkarrizketatik. Baina ulertzen dugu horretarako minimo batzuk daudela, honakoak: elkarrizketaren bidetik etorri behar dela konponbidea, alardea guztion ondarea dela, eta ulertu behar dela XXI. mendean emakumeek eta gizonezkoek eskubide berberak dituztela. Ulertzen dugu horiek gutxieneko batzuk direla. Egia da hemen zauriak daudela, hori argi dago, eta elkarrizketa horrek balio izan beharko du zauri horiek sendatzeko. Horregatik iruditzen zaigu lau puntu horiek oinarrizkoak direla.
De La Linde: Gure postura talde bezala lau puntu horietatik harago doa, baina nahi izan dugu lausotu eta zabaldu, alde batekoak eta bestekoak elkartu daitezen prozesu honetan. Hein batean lortu dugu, mota eta aspektu guztietatik jaso baititugu sinadurak.
Nolako erantzuna eman dute hondarribiarrek, pozik zaudete jasotako kopuruarekin?
Sagartzazu: Zalantzarik gabe, pozik gaude. Orain arte [asteazkenean izan zen elkarrizketa] 1.900 inguru jaso ditugu. Egia da ziur aski gehiago nahiko genituzkeela, baina oraindik ere sumatzen da jende askok zalantzak eta beldurrak dituela. Esan dezakegu, bi aldeetan, bai Jaizkibelen sektorean eta Alarde Fundazioaren sektorean, egon dela jendea ez duena sinatu, ez duelako egoki ikusi. Eta gero badago jende kopuru bat agian ez zaiona iritsi gure egitasmoa. Argi dago ez dela sinadurak entregatzen ditugun biharamunean hainbeste bukatzeko gogoa dugun gatazka hau bukatuko. Baina uste dugu hau beste aurrerapauso txiki bat dela, eta behintzat eztabaida sortzeko balio izan du.
De La Linde: Halere, gustatuko litzaiguke zenbaki hori handiagoa izatea, baina oso pozik gaude lortutako babesarekin. Azkenaldiko goranzko joera horretan jarraitzen dugu. Aurreko urtean 1.000 lagun izan ginen argazkian, eta honetan izango gara 1.700 inguru. Jende kopuru garrantzitsua da, urratsak egin ditugula uste dugu.
Sagartzazu: Kopurutik harago, badago sentsazio bat herrian, giroa aldatzen ari dela urte batzuetatik hona. Guk sumatzen dugu gure adin tartean ia bukatutzat eman daitekeela afera. Bereziki belaunaldi helduenekin zailagoa da.
Zer egingo duzue gaurko ekitaldian?
Sagartzazu: Lehenik, egitasmo honekin bat egiten dutenei udaletxera joateko deia egiten diegu. Sinadurak entregatuko ditugu udaletxean. Alarde Fundazioari ere eskaintza berbera egin diogu, baina ez dugu erantzunik jaso, kolokan dago hori. Baina gure asmoa haiei ere entregatzea da. Igor Enparan alkateak jasoko gaituela esan digu, sinadurak hartuko dituela. Eta gustatuko litzaiguke ere udal talde guztiak bertan egotea. [Elkarrizketa asteazkenean egin zen. Atzoko (osteguna) albistea da Abotsanitzek, EH Bilduk era PSE-EEk ere harrera egingo dietela Guztion Alardeko kideei].
Zergatik animatu herritarrak gaurko ekitaldira?
Sagartzazu:: Guztiak gatazka honekin nekatuta gaudelako, eta gai gara hondarribiarron artean adostasun batera iristeko. Bakoitzak bere jarrera pixka bat malgutuz, denok egon beharko dugu prest zerbait emateko eta uste dut gai garela horretarako. Eta bereziki azken 30 urteetan bizitu ez dugun irailaren 8 bat izateko, benetako ospakizunean biziko dena.
Zein izango da hurrengo pausoa?
Sagartzazu: Isilagoa den lan batera pasako garai orain, hau bezain garrantzitsua izango dena: hitz egitea, ezberdinen arteko elkarrizketekin jarraitzea. Optimistak gara, bestela ez ginen hemen egongo.