"HAPOk jarraitu beharko lituzkeen printzipioak" dokumentu batean jaso ditu EH Bilduk
Hasierako onespen dokumentuari alegazioak egiteko denbora gehigarria dagoenez, "dokumentuarekin zer egingo den erabakitzeko aukera bat ireki" dela uste du taldeak. Horregatik, 21 proposamen aurkeztu dituzte, "eraikitzaileak".
Hondarribiko EH Bilduko Garoa Lekuonak eta Koldo Rodriguezek agerraldia eskaini dute gaur goizean, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Planaren (HAPO) gainean taldeak duen jarrera plazaratu du bikoteak. Aurreko hauteskundeetan EAJk onartutako HAPOren hasierako onespen dokumentuari alegazioak egiteko epea zabaldu berri den honetan, koalizio subiranistak zenbait proposamen egin ditu, proiektu oso eta zehatzekin. Udal gobernu aldaketa izan denez, gainera, alegazio horiek egiteko denbora gehigarria dute talde guztiek, eta hortaz, “dokumentuarekin zer egingo den erabakitzeko aukera bat ireki” dela uste du taldeak. Horregatik, “bidegurutze honetan”, HAPOrekiko duten jarrera “publiko” egin nahi izan dute.
Lehenik eta behin, adierazi dute HAPOren hasierako onespen txostenak “ez dituela Hondarribiaren behar asko kontuan hartzen”, eta hartzen dituen horietan ez diela “egoerak eskatzen duen sakontasunarekin erantzuten”. Horietako asko zerrendatu ditu Lekuonak: etxebizitza publikoaren urgentziazko beharra; mugikortasun eraginkorraren aldeko apustua hiri barnean zein Irunekiko harremanetan; ur horniduraren azterketaren beharra; aldaketa klimatikoaren aurreko jarrera; demografiaren bilakaera, herritarren eta bertako jardueren azterketa sozioekonomikoa; turismoak suposatzen dituen eraginen inguruko hausnarketa; elikadura subiranotasunaren beharra (baratzak), zaintza publikoa, energiaren kudeaketa eta abar. Horregatik HAPOren hasierako onespeneko dokumentuaren “kontra” daudela esan dute, “erabat”, eta atzera botatzearen aldeko “jarrera irmoa” adierazi dute.
Taldeak garrantzitsutzat eta funtsezkotzat jo du “gure herriak ahalik eta azkarren, herriko behar nagusiei erantzungo dien HAPO indarrean edukitzea”. Bi zinegotziek gaurko agerraldian aurkeztu duten txostenean taldearen iritziz “HAPOk jarraitu beharko lituzkeen printzipioak” jaso dituzte, zenbait proposamenekin. “Argi daitezen zeintzuk diren aukerak gure proposamenak gauzatu ahal izateko. Hau da, noraino bota behar den atzera edo moldatu indarrean dagoen onespeneko dokumentua. EH Bilduren alegazio txostenean aurkeztutako printzipio eta proposamenak kontuan har daitezen”, esan dute gaurkoan.
Proposamenak aurkeztu aurretik, taldekoek esan dute argi dutela HAPOa “definitu behar dugun Hondarribia hiru eredu baten isla izan behar duela, printzipio edota irizpide nagusi baten baitan eraiki behar dela”. Printzipio hori “eraginkortasuna” da taldekoentzat: “Hondarribia berde bat nahi dugu, non bere garapen eta etorkizuneko hiri eredua eraginkorra den. Izan ere, indarrean dauden araudi ezberdinek norabide horretan gure ekonomiak, hiriak, lurraldeak… garatzeko eskakizun zuzena egiten digute, eta HAPO ezinbestean trantsizio ekologikoa ahalbideratuko duen herri eredu baten baitan eraiki behar da”.
Eraginkortasunaren printzipio hori ere bestelako esparruetan aplika daitekeela adierazi du Rodriguezek, hala nola, etxebizitzaren kudeaketan, energian, elikaduran, mugikortasunean, ekonomian eta “abar luze batean”. Horregatik nabarmendu dute “gure orografiak eta herritarren eguneroko mugimenduek eta beharrei zehaztu beharko luketela ditugun baliabideen etorkizuneko erabilera”. Eta horretarako hurrengo egoerak kontuan hartu behar direla diote: sarrera eta irteera bakarreko hiria dela; egunero 10 hondarribiarretik 8 herritik kanpo ikastera edota lanera irteten dela; autobusa dela garraio publiko bakarra; Amute eta Mendeluko auzoek duten “trafiko kopuru jasangaitza”; eta “edozein lur okupazio berri, natur guneen artifizializazioa” dakarrela.
HAPOk errealitate horri “ezinbestean” erantzun beharko diola erantsi dute, “Hondarribia berdea, eraginkorra izateko”.
Proposamenak
Gaurko agerraldian 21 proposamen zehatz aurkeztu dituzte, “eraikitzaileak”, gogorarazi eta errepikatu nahi izan dutenez, helburu bakarrarekin: “argitu dadila noraino bota behar den atzera edo moldatu indarrean dagoen HAPO gure proposamenak kontutan hartzeko aukera izan dezaten”.
Lau arlotan banatu dituzte 21 proposamen horiek: bost proposamen mugikortasunean, bost etxebizitzaren alorrean, lau Alde Zaharrarentzat eta zazpi natur guneei dagokionez. Hemen aurkeztutako 21 proposamenak ikus daitezke osorik, xehetasun guztiekin.