Luxuzko parte hartzea espero da Txingudi Korrikan
Larunbatean Txingudi Korrika 10k lasterketaren XXIV. ekitaldia lehiatuko da. 500 lasterkarik eman dute izena dagoeneko proban, eta BATek bi izen nabarmendu ditu: Iraitz Arrospide eta Elena Silvestre.
Larunbat honetan Txingudi Korrika 10k lasterketaren XXIV. ekitaldia lehiatuko da Hendaia eta Hondarribia artean, 16:30ean hasita. Antolatzaileak azken prestaketa lanekin dabiltza, eta Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) kideek iragarri dute 500 lasterkarik eman dutela izena dagoeneko proban. Lasterketa nagusiaz gain, larunbat goizean, 10:00etatik 11:00etara, Txingudi Korrika Txikia lehiatuko da Gal inguruan. Lasterkari gazteenei dagokionean, 200 haur inguru apuntatu dira probara.
Izena eman duten lasterkari guztien artean, bi nabarmendu ditu BATek: Iraitz Arrospide eta Elena Silvestre. Arrospide maratoi eta maratoi erdiko nazioarteko atleta da, eta asteburuan konfirmatu zuen bere asistentzia. Maratoian bi ordu eta hamar minutuko marka onena du kirolari gipuzkoarrak. Silvestre ere atletismoko distantzia luzeko probetan da espezialista, eta BATeko kideak ziur dira “nibela” emango diola lasterketari. Silvestrek bi ordu eta berrogei minutuko denbora onena du maratoian.
Eguraldiari erreparatuta, tenperatura altuak aurreikusten direla adierazi du BATek, 29 graduetara irits daitezkeenak. Lasterkariek, gainera, ohiko zerbitzuak izango dituztela gogorarazi du atletismo taldeak: probako elastikoa eta lasterketako eta helmugako anoa guneak.
Izen-emateak ostiralean itxiko direla oroitarazi du BATek. Dortsalak ostiralean jaso ahal izango dira Irungo Palmera Montero Guneko 2. aretoan, 18:00etatik 21:00etara. Lasterketaren egun berean ere eskuratu ahal izango dira dortsalak Hendaiako irteeran, 14:30etik 16:15era.
Beteranoen Europako Txapelketak
Bidasoa Atletiko Taldeko Jose Maria Zabala atleta Pescaran (Italia) izan da asteburuan Beteranoen Europako Txapelketan lehiatzeko. Zabalak abiadurako bi probatan hartu du parte: 200 eta 400 metrotan. 200 metroko proba izan da oparoena beretzat. Finalaurrekoetarako sailkatu zen 27,64 segundoko denborarekin, eta 11. postuan bukatu zuen txapelketa. BATek Zabalaren parte hartzea goraipatu du.