HS2 surf klubak abentura berezi bat hasiko du ostegunean
Bularreko minbiziaren kontrako borrokari oihartzuna emateko abentura bat hasiko dute hiru lagunek. Bestalde, ontzi berri bat eskuratu nahi dute, emakumeen talde bat osatzeko.
Hondarribiko HS2 surf klubak bi proiektu interesgarri ditu esku artean. Batetik, Dragon Boat izeneko ontzi bat eskuratu nahi dutela jakinarazi berri dute, “aukera ugari” eskainiko dizkiena. Bereziki bularreko minbizia izan duten emakumeei eskaintzea da haien asmoa. “Bularreko minbizia pasa duten emakumeez osatutako talde bat sortzea da gure asmoa. Gure hondar aletxoa jarri nahi dugu, minbizia duten pertsonentzako alternatiba gehiago egon daitezen”, esan dute.
Proiektuari bultzada eta oihartzuna emateko asmoz, aste honetan (ostegunean hain zuzen), “abentura” bati ekingo diotela jakinarazi dute. Bi gizon eta emakume batez osatutako talde batek Donejakue Bidea egingo du bizikletan, iparraldeko bidetik. Egunero 80-90 kilometroko ibilbidea egingo dute. Bidean hedabideekin agerraldiak eta elkarrizketak egin nahi dituzte, “proiektua ikuspena” emateko. 8:30ean abiatuko dira klubeko egoitzatik txirrindulariak.
Bidean zehar laguntza emateko (hostatua eman edota bestelako laguntzetarako) prest daudenei dei egin diete, haiekin harremanetan jartzeko.
Informazio eta xehetasun gehiago, lotura honetan.