Hondarribia "tenkatutako bizitegi eremu" izendatzeko eskatuko du EH Bilduk
Mozio bat erregistratuko dute osteguneko osoko bilkuran. Herrian etxebizitzarekin "arazo larria" dagoela diote koalizioko kideek, eta horri aurre egiteko "politika eraginkorrak egiten hasteko garaia" dela.
Datorren ostegunean (hilak 28) egingo duten osoko bilkuran mozio bat erregistratuko du Hondarribiko EH Bilduk, Hondarribia tenkatutako bizitegi eremua izendatzeko prozesua has dezaten eskatzeko. Herrian etxebizitzarekin “arazo larria” dagoela diote koalizioko kideek, eta horri aurre egiteko “politika eraginkorrak egiten hasteko garaia” dela uste dute. Tenkatutako gune bihurtzeak “politika horiek gauzatzen lagunduko” duela erantsi dute.
Tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko prozesu hori “azkartzeko asmoarekin” erregistratuko dute mozioa, “eta posible denean ahalik eta azkarren egiteko” eskatuko dute taldekoek.
12/2023 Etxebizitza Eskubiderako Legeko 18. artikulura jo dute taldekoek, eta horren arabera, etxebizitza eskumena duten administrazioek tenkatutako etxebizitza eremuak izenda ditzaketela diote, bertako etxebizitza eskaintza “eskuragarriago bihurtzeko politika bereziak aurrera eramateko”.
Horrez gain, EAEko 3/2015 Etxebizitza Legeko 10. artikulua ere gogorarazi dute, eta diote honetan jasotzen dela udalei ere badagokiela etxebizitza merkatuan eragiteko eskumena. Hortaz, tenkatutako bizitegi eremuen deklarazio prozesua abian jartzeko udalak aukera duela erantsi dute, “eremuotan etxebizitza konponbide eraginkorrak bilatzen laguntzeko, alegia, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza egokia eta nahikoa sortzeko”.
Aukera izateaz harago, “beharra” ere badela gaineratu dute, “ikusita udalerrien 1.397 eskatzaile inguru daudela izena emanda Etxebideko zerrendetan, babestutako etxebizitza bat behar dutelako”.