Performancea, sexu esplotazioa eta pertsonen salerosketa salatzeko
Bihar, larunbata, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Txingudiko Elkarte Feministak egitaraua antolatu du.

Bihar, irailaren 23a, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Hori horrela, Txingudiko Elkarte Feministak egitarau txiki bat antolatu du, biharko egunean hainbat aldarri bistarazi daitezen.
Lehenengo eta behin, arratsaldeko 18:00etan Zabaltza plazan elkartuko dira, eta hogei emakumek performance batean parte hartuko dute, txalaparta lagun. Ondoren, Pio XII.aren plazara mugitu eta elkarretaratzea egingo dute, eta komunikatua irakurriko dute. Aurreratu dutenaren arabera, aipatu egoerak salatu nahi dituzte ekimen hauen bidez. Era berean, babesa helarazi nahi izan diete bizirik irten diren pertsonen elkarteei, bai eta hainbat eskakizun egin erakunde publikoei. Haien hitzetan, “neurri egokiak har ditzatela emakumeen esplotaziotik dirua lortzen duten pertsona, enpresa eta mafiak zelatatzeko”.
Hortaz gain, “emakume guztien giza eskubideak errespeta daitezela” eta “emakume bakar bat ere ez dadila zapaldua izan emakume izateagatik” adierazi dute.