Merkataritza bonua berreskuratzeko mozioa aurkeztu du Ekologistak Martxanek
Aurtengo udazkeneko sasoian ez da indarrean sartuko, baina taldeak azpimarratu du "gertuko kontsumo jasangarria" sustatzeko neurriak duen balioa.
Udazkena iristear dela, dagoeneko aurreratu dute Irunen ez dutela Merkataritza Bonua martxan jarriko datozen hilabeteotan. Egoera horren aurrean, Ekologistak Martxanek mozioa aurkeztu dio udal korporazioari. Izan ere, taldearen arabera bonua ez sustatzeak “ondorio negatiboak izango ditu eskualdeko komunitatearengan baita gertuko kontsumo jasangarria sustatzeko ere”. Izan ere, neurriak tokiko merkatarien eta herritarren arteko sareak indartzeko balio du, haien iritziz.
Adierazi dute estimazioak 17.000 bonutan daudela, eta horiek ez banatzeak aukera asko galduko dituela herriko merkataritzari bultzada emateko. Gainera, Merkataritza Bonua Irun Market ekimenarekin uztartu daitekeela diote; are eta beharrezkoagoa, “herritar guztiek ez baitituzte baliabide nahikoak erosketak horrelako plataforma digital baten bidez egiteko”.
Hori horrela, lau eskakizun egin dizkiote udalbatzari:
- 1. Merkataritza Bonua berehala jar dadila abian, udazkeneko sasoirako gutxienez.
- 2. Ekimen honen balioa aitortzea, indarrean ez sartzeak aipatutako kontsumo eredua galbidean sar baitezake.
- 3. Tokiko merkataritza sustatzeko neurri eta konpromisoak hartzea.
- 4. Udal gobernua kontzientziatzea horrelako ekimenek herritar guztien onuran duten eraginaren inguruan.