Herriko gazteek antzerki tailerrean izena eman dezakete jada
11-17 urte bitarteko neska-mutilei begirako tailerra izango da. Urriaren 2ra bitarte eman daiteke izena.

Hondarribiko Udaleko Gazteria sailak gazteentzako euskarazko antzerki tailerra antolatu du beste behin, eta dagoeneko izena eman daitekeela jakinarazi du. 11 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei begirako tailer honetan izena emateko azken eguna datorren urriaren 2a (astelehena da) izango da. Lotura honetan apunta daitezke.
Asteazken arratsaldetan bilduko dira gaztetxoak (17:30etik 19:30era), Talaia Biteri ikastetxeko gimnasioan. Udaleko iturrien arabera, ondorengo helburuekin ekingo diote tailerrari: “antzerkiari hurbilketa ahalbidetu gazteei, emozioak adierazteko eta tentsioak askatzeko aukera eman; eta irudimena eta sortzeko gaitasuna garatu gorputzari buruzko kontzientzia hobetzeko”.
Orotara 12 plaza izango ditu tailerrak. Lau hileroko kuota 74 eurokoa izango da eta hiru hilekoa berriz, 54koa. Ekainera bitarte luzatuko dituzte saioak.