Herriko enpresen "ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko" laguntzak emango ditu udalak
Egitasmoak bi helburu zehatz ditu: ekintzailetza proiektuei sostengua ematea eta bertako merkataritzari bere lehiakortasuna hobetzeko laguntza eskaintzea. 60.000 euro bideratuko dituzte orotara.
Herriko enpresei begirako diru laguntza lerro bat abiatu du Hondarribiko Udalak, “ekintzailetzaren sustapena, eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko” asmoz. Datorren ostiralean (hilak 29) itxiko dute deialdi honetan izena emateko aukera.
Estitxu Urtizberea zinegotziak deialdiaren gaineko xehetasunak eman ditu: “Gobernu Taldearentzat deialdi honek garrantzi berezia dauka. Jakitun gara egoera ekonomikoa zein den, eta ildo horretatik, uste dugu honelako deialdiak bultzada bat izan daitezkeela, bai ekintzaile berriak sortzeko, baita daudenei euren saltokietan hobekuntzak egiten laguntzeko ere”, esan du.
Egitasmoak bi helburu zehatz dituela erantsi du zinegotziak, honakoak: ekintzailetza proiektuei sostengua ematea eta bertako merkataritzari bere lehiakortasuna hobetzeko laguntza eskaintzea. Zehazki, iaz euren lokaletan hobekuntzak egin zituztenentzat bideratuko dute laguntza. Gainera, Alde Zaharrean dauden ekintzailetza proiektuei salbuespen bat izango dute, udalaren helburua baita “gune historikoari bultzada ematea”, eta hala, ekintzailetzako laguntza gehiago emango dituzte kasu hauetan. “Oso jakitun gara krisi egoera nolakoa den. Diru laguntza hauek bizi garen egoerari lotuta daude eta ez dira lehenak, ezta azkenak izango ere”, erantsi du zinegotziak.
Orotara 60.000 euro bideratuko dituzte egitasmora. Ekintzailetzaren sustapenari 25.000 euro bideratuko zaizkio, eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa indartzeko lerroari, berriz, 35.000.
Lotura honetan informazio eta xehetasun guztiak kontsulta daitezke.