[Elkarrizketa] «Gauzak biolentziarik gabe konpontzea da helburua»
Datorren astean abiatuko da hondarribiar gaztea Tunisiara, bertan jokatuko den Munduko Kenpo Kai Txapelketara. 18 urterekin palmares bikaina du Lekuonak, eta etxeko apalak betetzen jarraitzeko «prest eta gogotsu» dagoela azaldu du.
Hurrengo astean Tunisiara joango zara. Dena prest?
Bai, oso gogotsu nago. Lehia zaila izango dela aurreikusten dut. Jende asko dago, maila handikoak gainera. Asko prestatu naiz hitzordu honetarako, baina ikusi beharko da zein maila dagoen. Maila emateko prest nago.
Beraz, aurkari gogorrak espero dituzu.
Bai. 18 urte bete arte pisuaren araberako kategoriatan banatzen gara, baina 18tik aurrera ez dago kategoriarik, beraz, lehiatu naiteke ni baino askoz ere handiagoa eta helduagoa den jendearekin. Horrek gauza konplika ditzake.
Zein modalitatetan ariko zara?
Parte hartuko dudan lehen modalitatea kata da. Esku hutsik egiten diren formak dira, ez da borroka bat. Bakarka mugimenduak egiten ditugu, koreografia moduko bat. Ez dut aurkaririk izango modalitate honetan.
Beste modalitatea borroka da. Hiru kategoria daude hemen eta nik bitan parte hartuko dut. Bi borroka irabazten dituen taldeak erronda pasatzeko txartela eskuratuko du. Taldean ariko gara lehenengo. Hiru kideko taldeak osatuko ditugu. Heldu bat, gazte bat eta neska bat ariko gara, kasu honetan Ane Amunarriz hondarribiarrarekin batera. Honetan lehia orekatuagoa izango da.
Bukatzeko, Puntu Borroka delako modalitatean ariko naiz. Borroka oso bizkorrak dira. Puntua markatzen duen lehenengoak irabazten du. Babesarekin egiten diren borrokak dira, petoa eta zango-babesekin. Petoan bi kolpe jasotzen badituzu edo buruan ostiko bat jasoz gero, akabo borroka. Segundo batzuetan buka daiteke borroka, intentsitate handikoak dira.
Zein erronkarekin zoaz hara, dominarik espero duzu?
Ongi ariko naizela espero dut. Kata modalitatean podiumean sartzea lortzen badut, oso kontent. Eta borrokan ez dakit oso ongi maila zein den, baina taldekakoan aukera ugari ditugu, talde oso ona dugulako. Eta bakarkakoan ikusi beharko da.
Euskal Selekzioarekin ariko zara gainera. Gero eta errotuagoa dago kenpo kaia hemen?
Euskal Herrian oso sartuta dago. Oarso-Bidasoan, Nafarroan eta Bortzirietan gehienbat. Kenpo kaiko lehendakariordea hemengoa da. Orduan, berari esker lortu dugu Euskal Herria onartzea Japoniak. Berezia izango da hori, nahiago baitut elastika hori eraman.
Bestelako arte martzialekin alderatuta, zein ezaugarri ditu kenpo kaiak?
Modalitate hau berez Japonian sortutakoa da, baina Txinan ere baditu sustraiak eta bertatik datozen teknika ugari ditu. Esan behar dut kenpo kaia ez dela kirol bat, arte martzialen zati bat da, adar bat. Bertan asko erabiltzen dira mugimendu zirkularrak. Karatean edo beste kirol batzuetan kolpe zuzenak bilatzen dira, eta hemen mugimendu hori dugu. Batzuk Kung-Fu japoniarra deitzen diote.
Zer ematen dizu kenpo kaiak egunerokotasunean?
Niretzako kirola egitea ezinbestekoa da osasuntsu egoteko, eta horretarako oso baliagarria da kenpo kaia. Gauza on asko ditu. Autokontrola asko lantzen da, adibidez.
Beraz, borrokak baino gehiago dira arte martzialak.
Hala da. Askok hala uste badute ere, arte martzialak ez dira biolentoak. Kontaktua dago, hor dago ezberdintasuna. Futbolean edo bestelako kiroletan biolentzia askoz ere gehiago ikusten da, mina egiteko malizia hori ikusten da maiz, eta gurean bat ere ez. Balore asko ikasten ditugu. Finean, gauzak biolentziarik gabe soluzionatzea da. Gehienbat aurkaria geldiarazteko erremintak ikasten ditugu, ideia ez da erabiltzea. Autokontrol totala dugu. Denbora guztian besteari minik ez egiten saiatzen zara. Errespetu asko dago eta tatamitik jaisterakoan ez dugu arazorik, lagunak gara, giro ona da nagusi. Ez dut inoiz borroka batetik norbait haserre ateratzen ikusi. Fisikoaz gain, alde mentala ere asko lantzen dugu. Oreka mentala, fisikoa eta emozionala bilatzen ditugu. Egunerokoan erabilgarri diren balore eta erreminta asko ikasten ditugu. Presiopean lan egiten ikasten dugu.
Munduko txapelketaren ondoren, zein izango duzu hurrengo erronka?
Unibertsitatean hasi berri naiz, eta erronka handia denez, deskantsua hartuko dut. Erabaki dut denbora baterako gelditzea. Ikusiko dut noiz itzuli, baina ziur bueltatuko naizela. Hurrengo munduko txapelketa Japonian izango da, eta horrek asko motibatzen nau. Arantza hori dut, gainera. 2017an Japoniara joateko hautatu ninduten, baina ezin izan genuen joan. Espero dut hara joatea.
Joan eta irabazi. Hori al da Tunisiarako duzun asmoa?
Bai, gustatuko litzaidake inoiz mundukoa irabaztea, hori litzateke amets gorena mundu honetan. Kata modalitatean aukerak ditudala uste dut, baina borrokan oraindik ez nago horraino iristeko prest. Ikusiko da.