110 lagunek hondartzaz gozatu ahal izan dute udan, Gurutze Gorriko boluntarioei esker
Eguraldiak eta bereziki karabela portugaldarren presentziak baldintzatutako udaren gaineko balantzea egin du Gurutze Gorriak. Hondarribian uretara sartzeko zailtasunak dituztenak laguntzen aritu dira.
Gipuzkoako Gurutze Gorriak udako denboraldiaren gaineko balantzea egin berri du. Eguraldiak eta bereziki karabela portugaldarren presentziak baldintzatutako uda izan da, baina zorionez, ez da kasu larririk izan Gipuzkoako hondartzetan. Datuei erreparatuta, Gipuzkoan, 433 erreskate egin eta 242 bainu lagundu dituzte boluntarioek. Asistentzia gehienak ebakiak eta zauriak izan dira (167 kasu), ziztadak edo alergia kasuak ere izan dira (69) eta marmokekin kontaktuan egon direnak 58 izan dira. Guztira, 9 erreskate egin dira eta 41 lagun ebakuatu behar izan dituzte, iazko udan baino bi gehiago. Horietako gehienak Getariako hondartzan izan dira.
Hemen, Hondarribian, 110 bainu lagundu dituzte ekainaren 15etik irailaren 15era Gurutze Gorriako kideek. “Datu hori oso lotuta egon daiteke eguraldiarekin, uztailean ez baitu eguraldi ona egin. Zerbitzu honek hondartzetara sartzeko zailtasunak konpontzeko aukera ematen du, baita itsasoan bainatzeaz gozatzeko aukera ere, aulki anfibioak erabiliz”, diote Gurutze Gorriako iturriek.