[Argazkiak] Azken egunean, bertakoak
Gaur da Hondarribiko festen azken eguna. Goizeko baserritarren produktuen eta abereen azokak arratsaldeko ekitaldiei bide emango die.
2023ko Hondarribiko Festa Nagusien azken eguna da gaurkoa. Goibel antzera hasi da eguna. Beharbada horregatik, Zumardiko baserritarren azokaren lehen orduak lasaiak izan dira. Ondoren, eguerdi aldera, hasi da bizkortzen giroa. Azokagatik, eta Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolarien emanaldiak hondarribiarrak hurbilarazi dituelako. Turistak ere ez dira falta izan Zumardian; erosketak egiterakoan baten batek hizkuntza arazoak izan ditu, baina keinuen bidez ere negozioak egin daitezkeenez, bai erosleak (bertakoak eta urrunekoak) eta saltzaileak pozik.
Euria, asko ez, egin du goizean Hondarribiko festen azken egunaren goizean. Edonola ere, ostartea baliatuz Izugarria erraldoi eta buruhandien konpartsak ez du hutsik egin, eguerdian atera dira Zezen Plazatik herria girotzera. Hortik aurrera, mamitsuago iritsiko da arratsaldea, baita gaua ere. 21:00etan, adibidez, Sorotan Bele gogoan ikuskizuna eskainiko dute talde mitikoaren partaideek Bentan. 22:30ean, jaiak bukatzeko, su artifizialak.
Jarraian, baserritarren azokaren irudiak, eta arratsaldeko egitaraua:
- 17:00 ANIMALIEN ERAKUSKETA Zumardian.
- 17:30 “AURKITU GABEKO ALTXORRA” – Zirika Zirkusen eskutik Soroetako pilotalekuan
- 18:00 PROFESIONAL MAILAKO PILOTA PARTIDU JAIALDIA Jostaldi Pilotalekuan. Egiguren V – Gaskue // Salaberria – Bikuña. Jarraian: Altuna III – Martija // Elordi – Zabaleta.
- 18:00 KANTU-JIRA, Portua auzoan, Meakako Adixkideak Dantza Taldea eta Kantakaren eskutik.
- 18:00 Zumardian, BASERRITARREN EGUNAren jarraipena. Herri Kirolak eta trikitilariak.
- 18:30 Soroetako pilotalekuan TXOKOLATADA gaztetxoentzat.
- 18:30 EUSKAL ERROMERIA: DANTZA PLAZAN, udaletxeko arkupetan, Meakako Adixkideak Dantza Taldearen eskutik.
- 19:00 Soroetako pilotalekuan, diskofesta, “XAIBOR” taldearen eskutik.
- 21:00 Benta, Urbil Artola, Gorka Sarriegi, Aitor Yañiz eta Ritxi Salaberriaren emanaldia. “SOROTAN BELE GOGOAN” “Hondarribiko Hiria Musika Bandarekin”.
- 21:00 ZEZENSUZKO SOKAMUTURRA San Pedro kalean. Udalak ez du bere gain hartzen parte-hartzaileek jasan ditzaketen kalteen erantzukizuna.
- 22:30 SU ARTIFIZIALAK PIROTECNIA ZARAGOZANA S.Aren eskutik, Butron pasealekutik ikusteko.