HAPOren edukiari buruzko zalantzak argituko dituzte
Teknikari batekin hitzordua hartzeko aukera emango du udalak datozen hiru asteetan. Itsas Etxean zabaldutako erakusketa ulertzen laguntzeko gakoak eman eta planaren edukiari buruzko zalantzak argituko dituzte.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Planaren (HAPO) hasierako onarpenaren dokumentua jendaurrean aurkezten ari da udala, eta orain, Itsas Etxean zabaldutako erakusketa ulertzen laguntzeko eta planaren edukiari buruzko zalantzak argitzeko bide bat ireki dute.
Hala, teknikari batekin hitzordua hartzeko aukera izango dute hondarribiarrek. 30 minutukoak izango dira (euskaraz edo gaztelaniaz) eta Itsas Etxeko erakusketan bertan emango dira. Bisita bakoitzean gehienez hiru lagun egon daitezke.
Datozen hiru asteetako astearte eta ostegunean hartu ahalko da hitzordua, honako egunetan hain zuzen: hilaren 12, 14, 19, 21, 26 eta 28an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.