[Argazkiak] Bukaerara arte lehiatu dira
Gizonak hirugarren sailkatu dira, Urdaibai eta Zierbenaren atzetik; emakumeak berriz, finkatutako helburua bete eta bosgarren sailkatu dira arraun denboraldia biribiltzeko.
Ikaragarria izan da giroa. Kolorez bete Donostiako portu ingurua, eta aurreko Kontxako jardunaldiarekin alderatuta askoz ere jende gehiago ibili da gaur arraunlariak animatzen. Euriarekin esnatu da igandea, baina gogotik berotu du eguzkiak. Eguraldia bikain, eta bikaina ere Kontxaren testuinguruan sortu den giroa.
Aukera handiak zituen Hondarribiak gaurkoan Kontxako bandera preziatua etxeratzeko. Eta saiatu diren zalantzarik ez da, baina gehiago izan da Urdaibai tarte handia zabalduta gaur beste ontzi guztiekin, eta tartean sartu da gainera Zierbena Hondarribia hirugarren postura eramateko sailkapenean. Honakoak Iñigo Sagarzazu arraunlariak Hitzari egin dizkion adierazpenak estropada bukatuta: “Gogorra izan da guretzat, egia esan pikean joan gara Donostia eta Oriorekin, istribor aldetik ikusi dugu Bermeok alde egin duela hasieran. borroka guztiz aldatu da, egoera aldatu da estropadan zehar, eta gure ehuneko ehuna eman dugu Donostiarra eta Orio irabazteko”.
Hondarribikoek ere garabia zuten uretaratzeko puntua gaur, baina zapaldu dute portuko arrapala zaleekin nahastu eta haien berotasuna jasotzeko.
Emakumeak bosgarren
Emakumeen ontziak, berriz, erronka eta helburuak beteta bukatu ditu lanak Kontxaren bigarren jardunaldian. Aurreko asteburuan aurretik kokatu zen Hibaikaren ontzia bi segundoko aldea aterata eta bosgarren postu hori berreskuratzea zuten jomuga gaurko jardunaldian berdeek. Eta egin dute. Tarte txikiarengatik izan dira bosgarrenen —segundo exkaxa Hibaikarekin— baina bete dute helburua, baita ligan zehar erakutsitako mailari eustea ere.
Helene Sagarzazu Aizpuru arraunlaria asebete azaldu da adierazpenak HITZAri egiterakoan, “oso pozik gaude emaitzarekin helburua gure txanda irabaztea zen. Guztiarekin atera gara denboraldia biribildu nahi genuelako gaurko emaitzarekin. Gogotsu atera gara eta oso gustura bete dugulako guztiz gure helburua, eta orain lortutakoa disfrutatzea dagokigu”.
Disfrutatzeko aukera paregabea izango dute, baita merezia ere, jaietan dagoelako Hondarribia.
Gizonen sailkapena
1-Urdaibai-38:30.66
2- Zierbena- 38:42.29
3-Hondarribia- 39:00.61
4-Donostiarra-39:05.53
5-Orio- 39:08.29
6- Cabo da Cruz- 39:33.66
7-Getaria-39:46.02
Emakumeen sailkapena
1- Arraun Lagunak- 21:01.4
2-Donostiarra- 21:10.50
3- Orio- 21:19.22
4-Tolosaldea- 21:22.14
5-Hondarribia- 21:54.80
6-Hibaika: 21:55.88
7-Zumaia- 22:07.10
8- Kaiku-22:15:16