Jacobo Cuetara: "Lehiakorrak izateko eta gure zaleen aurrean jokatzeko gogoz gaude"
Bidasoa Irunek larunbatean hasiko du 2023-2024 denboraldiko ibilbidea. Azken sasoietan nagusi izan den Bartzelonak bisitatuko du Artaleku estreinako partidan, 16:45ean.
Bidasoa Irun prest da Asobal Ligari ekiteko. Denboraldi aurrea atzean utzita, irundarrek larunbat honetan hasiko dute 2023-2024 denboraldiko ibilbidea, Artalekun, etxean, zaleen aurrean. Estreinako partidako arerioa, baina, ez da makala izango, azken urteetan nagusi izan den Bartzelonak bisitatuko baitu Artaleku larunbatean (hilak 9, 16:45ean). Norgehiagokaren ohorezko sakea Irun Hiria Musika Bandak egingo du. Taldeak 50 urte bete ditu eta bost hamarkadako ibilbidea aitortuko dute.
Jacobo Cuetararen gidaritzapean hasiko dute bidasoarrek denboraldia. Aurtengoa prestatzaile asturiarraren zortzigarren sasoia izango da. Taldeak hainbat baja izan ditu, esanguratsuenak Jon Azkue kapitainarena eta erretiroa hartu duen Julen Aginagalderena. Jokalari horiek ordezkatzeko, Esteban Salinas, Marko Jevtic, Jakub Sladkowski eta Tito Diaz iritsi dira Artalekura.
Denboraldi aurrea atzean utzi dute jada bidasoarrek. Uztailaren 26an jarri ziren martxan Artalekun, eta zazpi asteren ondoren, lehiatzeko unea iritsi zaie. Cuetarak onartu du denboraldia hasteko “gogoz” daudela: “Lehiatzen hasteko, munduko probarik zailenetako bati aurre egiteko, lehiakorrak izateko eta gure zaleen aurrean jokatzeko gogoz gaude”.
Sasoiko lehen norgehiagoka zailtasunez beterikoa izango da, azken urteetan jaun eta jabe izan den Bartzelona baitator Artalekura. Honakoa esan du Cuetarak talde kataluniarraren inguruan: “Bartzelonaren aurkako partida berezia da jendearentzat, jakin baitakigu guretzat zaila dela horrelako partida bat jokatzea”. Neurketa “zaila” aurreikusi duen arren, “lehiatzeko asmoarekin” doazela argi utzi du: “Gu beti lehiatzeko asmoarekin joaten gara. Ez da norgehiagokarik izan, ezta baja asko izan ditugunean ere, ez lehiatzeko planteatu dugunik. Ez dugu hurrengo partidan pentsatu”.
Liga hasierara begira, taldea “ondo” ikusten duela onartu du bidasoarren prestatzaileak, baina “hobetzeko” gauzak dituztela nabarmendu du: “Entrenamenduekin oso pozik nago, taldea oso fresko, alai eta ondo entrenatzen ari da; baina lehiatzeko orduan, emaitza onak lortu arren, jokoa ez zait hainbeste gustatu, dezente hobetu behar dugu, sendoagoak izan behar dugu, egonkorragoak, beheraldi eta galera gutxiagorekin. Taldearen bilakaera logikoa izan dela uste dut, eta horretan denbora eman behar zaio. Horregatik, garrantzitsua da hasiera konplexu hau ahalik eta gehien doitzea, eta aurrera goazen heinean, gehiagora joango gara”.
Artalekuren babesa, gakoa
Larunbateko partida “zailari” begira, Cuetara ziur da Artalekuren, zaleen, babesa beharko dutela, eta haiei dei egin die: “Jendeak ematen duen bultzada eta laguntza eskertu nahi ditut, badakitelako zein zaila den partida hau. Beti ematen digute aparteko bat neurketari aurre egiteko. Taldearen eta zaleen arteko batasun hori sortzen da, eta horrek oso lehiakorrak izatea eragiten digu, eta hortik egongo da bidea”.
Bidasoak urte dezente daramatza sailkapeneko goiko postuen lehian talde indartsuenekin, eta Cuetarak argi du aurten ere “goian” ibiliko direla: “Taldea azken denboraldietan egon den tokian egongo da. Beti hor dagoen talde bihurtzea lortu dugu, beste aurkari batzuk aldatuz joan diren bitartean. Uste dut hor jarraituko dugula. Batzuetan ate aurrean geratuko gara, beste batzuetan txapelketak berak kenduko gaitu, iaz gertatu zen bezala; baina goian ibiliko gara, horretaz ziur nago”.