Jaiak "askatasun osoz gozatzeko" deia egin du udalak
Abotsanitz, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk adierazpen bateratua kaleratu dute, "emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako indarkeriarik gabeko jaien" aldekoa.
Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen bateratua kaleratu dute, “emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako indarkeriarik gabeko jaien aldekoa”. Abotsanitz, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko babestutako testu honetan gogorarazi dute “jaiak askatasun osoz gozatzeko eskubidea” dagoela, eta “jaiek emakumeen aurkako indarkeria matxista eta LGTBIQ+ faboritorik gabeko gozamen eta ospakizun gune izan behar dutela, jaien testuinguruan denak ez duelako balio”.
Ondorengoa da talde guztiek adostu duten testua, hitzez hitz:
Jaietako aisia eta gozamena emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko kideen eskubidea da, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko aukera izan behar dute. Jaietako indarkeria emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen askatasunaren, mugikortasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoa da, gizartean errotuta dagoen indarkeria sexistaren, homofobiaren, transfobiaren eta matxismoaren adierazlerik ankerrena.
Sexu-erasoak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak, pertsonen giza eskubideen eta askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta ONARTEZINAK. Horregatik onartezina da erasotzaile batzuk, jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxista eta LGTBIQ+foboaren ondorio baizik. Horregatik, Hondarribiak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean, eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean, 0 tolerantzia agertu nahi du, Hondarribiak jai berdinzaleak nahi dituelako, askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak, emakumeak aske diren jaiak nahi ditugu, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak aske diren jaiak nahi ditugu, eta ez ditugu onartzen, ezta onartuko ere inolako eraso sexista edo LGTBIQ+foborik.
Erasotzaileek ez dute tokirik gure herrian eta irmotasunez erantzungo diegu beti eraso sexistei eta eraso LGTBIQ+foboei. Gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari; Gizarte eta estamendu guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa delako behin betikoz indarkeria matxistarekin, homofobiarekin eta transfobiarekin amaitzeko; jaiak libre eta bake giroan igarotzeko, LGTBIQ+ kolektibo pertsona bakar bat ere, emakume bat bera ere gehiago ez dadin erasotua izan, ez jaietan, ezta bere egunerokoan ere.
Bide horretan, gizonezkoak aktiboki behar ditugu MATXISMOaren eta LGTBIQ+fobiaren AURKAKO PAKTO BAT EGITEKO, haien erantzukizunaz ohartarazteko, indarkeria matxista, homofoboa eta trasnsfoboa errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu-indarkeriaren aurrean.