Hondarribian izandako bi eraso matxistak gaitzetsi ditu aldundiak
Hondarribian joan den astelehen gauean izandako bi eraso matxisten harira adierazpen instituzionala egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Hondarribian joan den astelehen gauean izandako bi eraso matxisten harira adierazpen instituzionala egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaitzespen irmoena azaldu du eta bere laguntza eta babesa adierazi erasoak jasan dituzten emakumeei, nahiz haien gertuko lagun eta senideei.
Hondarribiko Udalak erasoak gaitzesteko egin duen adierazpenarekin bat egin du aldundiak: “Halako gertaeren oinarrian egiturazko arazo bat dago, gizon eta emakumeen berdintasun falta, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak”.
Emakumeen askatasuna, integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urra ezinak direla nabarmen jarrita, horien kontra doazen jarrerak ez dutela lekurik gizartean esan du adierazpenean, eta gizarte eta erakundeen “konpromiso aktiboari” eusteko beharra aipatu du, “halako eraso sexista eta matxistei aurre egiteko garaian”. Nerea Isasi berdintasuneko foru zuzendariak gaur Hondarribian 18:00etan deitua dagoen elkarretaratzean parte hartuko du. Elkarretaratzea Martxoak 8 plazan izango da.