"Zergatik bilakatu da ezinezko gaur egun mendetan gertatu dena?"
Jaizkibel Konpainiak eskutitza bidali du hondarribiarren etxetara. Alardeak emakumeen parte hartzea bermatzeko gauza izan behar duela dio, historian zehar "sentsibilitate" desberdinak batzeko gai izan den bezala.
Hiru egun aurretik. Ostiralean, hilaren 8an, hartuko ditu Hondarribiko kaleak Jaizkibel Konpainiak, Hondarribiko jaien egun nagusian. Aurtengoen atarian, bada, Jaizkibelek gutuna bidali die hondarribiarrei, eta bertan helarazitakoak partekatu ditu sare sozialetan: “Seguruenik Hondarribiko Alardearen inguruko gatazkaren berri izan nahi duzu”.
Alardearen eta berau ulertzeko ikuspuntu desberdinez aritu dira. Emakumeen parte hartzeko eskubidearen aldeko jarrerak aipatu dituzte, “modu desberdinean” bada ere; baita “beste batzuk kontra, erabat kontra” daudela ere. Azken horiek aldarrikatzen duten “sentsibilitatea” aipatu du konpainiak, eta nola baden norberak bere aldetik “bere Alardea antolatu behar duela” defendatzen duenik. Horiei “eskubidea” eta “batasunaren” aurrean “debekua” eta “zatikeria” aukeratu izana leporatu die.
Egoera horren aurrean, iraganean Alardeak sentsibilitate desberdinak desfile bakarrean elkartzeko “gauza izan dela” gogorarazi dute: “aberatsak eta pobreak, elizkoiak eta agnostikoak, euskaltzaleak eta erdalzaleak, tradizioari kateatutakoak eta aurrerakoiak… […] urtean behin bat egiten zuten”.
Alardeak, ondare gisa, emakumeak beti bazter utzi dituela ordea azpimarratu dute, eta hori dela Jaizkibel Konpainiaren egitasmoaren zeregin nagusia: “Jaizkibel Konpainiak mendetan lortu izan dena berreskuratu nahi du: “sentsibilitate” guztiak batera desfilatzea guztiona den desfilean”. “Alardeak batu egin behar gaitu” ondorioztatu dute.
Beste behin ere, elkarrizketara egin dute dei, gatazka konpontzeko bide “xamur eta zibilizatuena” delakoan.