Kontserbatorio eta musika eskolan hainbat plaza libre gelditu dira
Ikasturte berria datorren astelehenean abiatuko da, baina heldu hasiberrientzako balletean nahiz musika hizkuntzan izena eman daiteke.
Irungo Udal Kontserbatorioak eta Musika Eskolak datorren astelehenean, hilaren 11n, hasiko du ikasturte berria. Kontserbatorioko arduradunek azaldu dutenaren arabera, matrikulazio epea honezkero itxi bazen ere, hainbat plaza libre gelditu dira: heldu hasiberrientzako ballet ikastaroan eta musika hizkuntzan. Honenbestez, herritarrek hainbat ikastarotan izena emateko aukera izango dute datozen egunotan.
Ballet klasikoaren ikastaroetan, helduek askotariko teknika eta taktikak landuko dituzte; oreka, koordinazioa eta indarra, hala nola. Taldea, gehienez ere, hamabost lagunek osatuko dute. Eskaerak egin ahala onartuko dituzte. Gainera, mantentze eskolak eskainiko dituzte ere.
Musika hizkuntzako eskolei dagokienean, 10 urtetik 12 urte bitarteko ikasleei eskainiko zaizkie. Bertan, musika irakurtzen, ulertzen eta sortzen ikasiko dute. Hamabost ikasleko taldea osatuko da gehienez honetan ere, eta plazak eskaerak egin ahala beteko.
Izena emateko, interesdunek hiru bide izango dituzte: Udal Kontserbatorio eta Musika Eskolako idazkaritzara bertaratuta, 943 505 710 telefono zenbakira deituta, edo helbide elektroniko honetara idatzita.